Tag: Zamudio

0

Joan dan urriaren 25ean, Zamudioko Udalak Ondarearen Europako Jardunaldien barruan antolatu dauzan ekitaldien artean, Ondarea sortu eta betikotu duten emakumeak izenekoa ospatu zan.

Jardunaldia zati bitan banandu zan. Lehenengoan Igotz López alkateak eta Adolfo Arejita Labayru Fundazioren zuzendariak, Labayruko ondare atalean egindako Zamudioko emakumeak bizitzaren ardatzean izenburuko bideoa aurkeztu eben.

Horren ostean, bideoan herriko lekukoen testigantzen bidez ikusitakoaz gogoeta egiteko mahai-ingurua egin zan. Udane Goikoetxeak gidatu eban solasaldia eta hiru hizlarik hartu eben parte: Mónica Gomez, erizaina eta hiru aldiz Espainiako Field Target tiro modalidadeko txapelduna; Olga Loroño, bardintasunerako teknikaria; eta Akaitze Kamiruaga bideo-lanaren koordinatzailea eta Labayru Fundazioaren Herri Ondare arloko arduraduna.

Jardunaldiaren helburua Zamudioko andrek bizitzako arlo askotan izan daben zereginaren garrantzia aldarrikatzea izan da, bai ondare sortzaile moduan, bai ondare horren transmisore moduan.

0

Abenduaren 22an aurkeztu dogu Zamudioko Kultur Etxean, Geureak bildumako seigarren alea, Zamudio: bizimodua eta ohiturak liburua. Bertan batu dira egitasmoan parte hartu daben lekukoak, udaleko ordezkariak, Lagatzu Euskera Taldeko kideak eta Labayru Fundaziokoak.

Egitasmo hau 2013an egin zan ikerketa etnografikoaren bigarren emaitza dogu. Bertan hamar kapitulutan banatuta Zamudioko herri ondare etnografikoa eta linguistikoa batu dira. Kasu honetan, kapitulu bakotxaren amaieran laburpena dago, bai gazteleraz eta bai ingelesez.

Lana burutzeko 30 lekuko aukeratu eta 60 orduko bideo-grabazinoak egin ziran herrian. Informanteek emondako testigantzetan oinarrituta dago lan hau, euren bizipenak eta euren oroitzapenak dira liburuaren mamina. Azken baten XX. mendean Zamudiok egin dauan bilakaerea azaltzen da. Tarte horretan gizarteak eta herriak berak aldaketa itzelak ezagutu ditu, eta guzti horreen testigu izan dira gure lekukoak.

Lan honek Zamudioko lehena, oraina eta geroa batzen ditu, herri jakituriaren transmisinoari bidea emonez.