Labayru Gaur

1

Leopoldo Zugaza hil dala jakin barri dogu. Bizitza luzea eta oparoa izan dau, kulturaren alor guztietan emonkorra eta bete-betea. Euskaltzale fina izan da, euskereari gorengo mailea emon guran ahalegin asko egindakoa.

Erakunde, jarduera eta ekintza askotan izan da aintzindaria. Gerediaga elkartea, Durangoko liburu eta disko azoka, Euskerazaleak, Labayru Fundazioa, Kurutziaga ikastola… eta beste hainbat ekimenetan sortzaile izan dogu.

Baina bere interesguneak kulturaren adar guztietara zabaltzen ziran: artea, zinema, liburugintza, erakusketak, argazkilaritza… Museoak sortzen parte hartu dau (Durangoko Arte Museoa, Photomuseum eta Olerti Etxea Zarautzen). Horrez ganera, arteagaz lotutako hainbat ekimen hasi zituan.

Liburugintzan editore hasi zan diktadura amaitu aurretik be, ‘Leopoldo Zugaza Editor’ zigiluagaz. Berak argitaratu zituan Labayruko lehenengo argitalpenak: Mikel Zarateren idazlanak, lehenengo gramatika-liburuak, eta abar. Eta horretan jardun dau azken-azkenera arte, hainbat bilduma, aldizkari eta bestelako lan argitaratuaz.

Labayruko sortzaileen artekoa dogu. Ander Manterola Durangon abade egoala, Leopoldo Zugazagaz eta Gurutzi Arregigaz egindako adiskidetasunak batu zituan. Harrezkeroko guztian hartu-emon estu horri eutsi izan deutsie, lan-arloan be oso emonkorra izan dana.

Hasiera-hasieratik parte hartu eban alderdi instituzionalean, Artezkaritzan kasurako, kide izan zan eta presidente be bai 1989-90 bitartean. Bere ekarpena handiagoa izan zan liburugintzan. Haren eskutik sortuta dagoz Labayruk argitaratutako liburu-bilduma guztiak: Sutondoan, Galburua, Laratz, Arragoa, Atlas Etnográfico de Vasconia… Baita aldizkariak be: Idatz & Mintz, Litterae Vasconicae eta Etniker Bizkaia.

Halantxe gogoratuko dogu ezagutu dogunok, argitalpenetako orriak maketatzen, eta bibliografia-zerrendak osatzen.

Iruzkinak ( 1 )

Iruzkin bat idatzi

Your email address will not be published. Required fields are marked *

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.