Labayru Gaur

0

Egitasmo honek Bizkaiko kostaldeko emakumeak ezagutzeko aukera emongo deusku. Izan be, emakumeok itsasoagaz lotuta egiten dabezan lanak erakustea eta nabarmentzea da ikerketaren helburua; lanbideen bilakaerea ezagutzea, eta ondo mereziduta daukien aitortza aldarrikatzea. Herriotako ondare bizia diran aldetik, derrigorra da jagotea eta hurrengo belaunaldiei transmitidutea.

Itsas munduan gizonezkoen eta andrazkoen arteko zereginak ondo bereiztuta dagoz. Gehienetan itsasoari eta arrantzari buruz berba egiten dogunean, txalupetan itsasoratzen diran gizon arrantzaleak irudikatzen doguz; izan be, arrantzaleak beti izan dira gizonezkoak. Emakumeak, ostera, seme-alabakaz itsas-bazterrean senarraren zain imajinetan doguz. Baina aspaldidanik, kostaldeko herrietan andrek izan daben rola askoz be zabalagoa eta garrantzitsuagoa da. Emazte eta ama izateaz gainera, oinarrizkoak eta ezinbestekoak izan dira arrantza jardueran eta portuko ekoizpen-katean.

Andra horreek ezagutzeko kostaldeko herrietara jo dogu: Bermeo, Ondarroa, Lekeitio eta Santzurtzira, hain zuzen be. Bertan hiru belaunalditako lekukoen testigantzak batu doguz. Euren artean, sareginak edo train-konpontzaileak, neskatilak edo dei-egitekoak (baxurako itsasontzietako lehorreko beharginak), enpakatzaileak (alturako txalupetako arrantza sailkatzen dabenak), arrain-saltzaileak, arrain-fabriketako beharginak, armadoreak (itsasontzi jaubeak), administrariak eta enpresa-andreak dagoz. Batzuk edadekoak, arrantza puri-purian egoanean lanean ibilitakoak, beste batzuk sektorearen gainbehera ezagutu dabenak eta laster erretiretako dagozanak; eta zailtasunak zailtasun, hondino be arrantza munduan beharrean jarraitzeko adorea daukien andra gazteak be badagoz.

Danak ezagutzen dabe itsasoa hurbil-hurbiletik, batzuk arrantzaleen familiako hirugarren edo laugarren belaunaldikoak diralako. Danak dira nortasun handiko emakumeak eta behargin nekaezinak, gizonezkoen munduan bizimodua aurrera ateraten jakin dabenak.

Ikerketaren emaitza euskarri bitan argitaratu da, 165 orrialdeko liburua eta 12 bideo labur. Hementxe bideo guztiak ikusteko esteka.

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.