Ohorezko Laguntzaile barriak ditugu Gorka Martínez eta Jokin Gorozika. Hona euren gorazarrea.
“Labayru Fundazioak Gorka Martínez jauna Ohorezko kide izendatzearen errazoia ez datza oraingo unean BBK Fundazioaren Buru izate horretan, eta bai Labayruren ibilbide luzean gure Fundazioaren jarduerak eta ekimenak babesteko edo bultzatzeko erakutsi dauen borondate betean.
Gorka Martinez izan da BBKren erreferentziazko persona eta irudia euskal kulturaren alde gure Fundazioak egin izan dituan egitasmo eta argitalpenetan. Labayruren sorreratik bertatik, Leopoldo Zugaza jaunak laguntza sendoa eskeini baeutsan Labayruri “Departamento Cultural de la Caja de Ahorros Vizcaina” gunetik, behin Bizkaiko Aurrezki Kutxa eta Bilboko Aurrezki Kutxa bat egin ziranean 1990ean, harrezkeroko ibilbide luzean Gorka Martínez izan dogu labayrutarrok BBK-ren aurrean gure laguna.
Zertan datzan BBKgazko lankidetza luze eta emoitsu horren garrantzia? Argitalpen arloan batez be, esan daiteke. Lankidetzan koeditatu ditugu hainbat liburu bilduma, aldizkari eta argitalpen berezi. Euskal literatura izan dogu lankidetza horren erakusle: Sutondoan, Galburua, Urbegi liburu sortak eta Idatz & Mintz aldizkaria. Euskal Hizkuntzaren ikerkuntza be bai, Litterae Vasconicae aldizkariaren bidez.
Hiztegigintzan Labayru Fundazioak erakutsi dauen ibilbidea ez zan loratuko, hiztegiak argitaratzeko BBK Fundazioaren laguntza izan ez baleu.
Euskal Herriko Atlas Etnografikoaren hainbat bolumen sendo eta mardul, batez be azken aldikoak, argitaratzea neke gertatuko zan, Gorka Martínezen erabagia eta bermea izan ez bagenduz.
Erakundeak garrantzitsuak dira, baina are onuratsuagoak persona adituak eta sentiberatasun handikoak dagozanean euskal hizkuntzaren eta kulturaren aldeko ahaleginean. Horren irudi garbi eta garden dogu Gorka.
Eta errazoirik asko dau Labayru Fundazioak Gorka Martínez Ohorezko kide izendatzeko, hain zuzen be, euskal kulturaren eta hizkuntzaren alde gure Bizkai honetan laguntasuna opatu deutsalako Labayru Fundazioari.”
Gorkak hunkituta erantzun eban, bera lana besterik ez dauela egin esanez. Beti euki dau Labayrugaz hurreko hartu-emona, lan sakona eta serioa egiten dauelako. Personak gogoratu zituan, Leopoldo Zugaza eta Ander Manterola batez be. Eta oso eskertuta agertu zan.
* * *
“Jokin Gorozika Bidaurrazaga jauna Labayru Fundazioari guztiz loturik izan dogu bere kultura- eta jarduera-bizitza guztian; gaztetxotan hasi eta gaur arte.
Derioko Udako Euskal Ikastaroaren maila guztiak osotu eta goitu ondoren (1980-1984), bai Udako Ikastaroan, bai Bilboko Ikasturtean irakasle-lanetan urte luzeetan jardun izan dau. Gramatika gaietan (aditza, morfojoskera) lehenengo, baina gerora itzulpen gaietan gehiago.
Izan be, Ander Aurregaz batera, Jokin izan genduan Labayruren Itzulpen Zerbitzuko zutabeetako bat, eta hainbat urtetan ekin eutsen lankide biok buztarrian.
Behin Santi Mamiko Ingeniaritza Eskolako irakasle bihurtu zan ezkero, Labayru Fundazioagazko lokarriak sendo jagon izan ditu. Artezkaritzako kide izan genduan urte batzuetan, baina Artezkaritza Buru batez be hamazazpi urtez.
Zerk bultzatuta jarraitu dau Jokinek Labayrugaz lotuta? Barruak agindu deutsala esan daiteke, eta geure hizkuntzaren maitasunak. Ingenieritzako zientzia gaiak izan arren bere jardueraren ardatza, euskera zientifikoan garatzen dituen arloak berez, berebiziko sentibera agertu da beti herri-euskereaz eta euskal hizkuntzaren alderdi humanistikoaz. Eta Labayru Fundazioaren garrantzia zeregin horretan ikusi izan dau garbi.
Labur esanda, Jokin ohorezko egiteko dakuskuzan meritu ugarien artean, agirira ekarriko geunkez: Labayruri agertu deutsan leialtasuna, Labayruren lan-ildo eta jardunetan sinesmen osoa, Labayru Fundazioaren nortasuna jagoteko borondatea, Gizarte Erakundeen aurrean Labayru ordezkatzea eta honen interesak jagotea… Berba baten, Labayruren aldeko inplikazino sakona.
Zorionak Jokin!”
Jokinek berso bategaz eskertu eban berari egindako aitortza.
“Ohorezko Laguntzaile in nau
Labayruk gaurko egunean
hunkituta hartzen dot saria
eskerrik asko benetan
Labayruk niri asko emon deust
nago beragaz zorretan
jarraituko dogu bidea iten
luze alkarren ondoan.”
Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.
Necessary cookies are absolutely essential for the website to function properly. This category only includes cookies that ensures basic functionalities and security features of the website. These cookies do not store any personal information.
Any cookies that may not be particularly necessary for the website to function and is used specifically to collect user personal data via analytics, ads, other embedded contents are termed as non-necessary cookies. It is mandatory to procure user consent prior to running these cookies on your website.