Labayru Gaur

0
Luis Baraiazarra eta Martzel Andrinua. Iturria: Euskaltzaindia.

Egun berean, urriaren 7an, joan jakuz euskaltzale bizkaitar handi bi, Martzel Andrinua eta Luis Baraiazarra. Biak fraileak, pasiotarra lehenengoa, karmeldarra bigarrena; biak euskaltzale amorratuak, biak bertsozaleak.

MARTZEL ANDRINUA

Ziortza-Bolibarren jaio zan Martzel Andrinua Lariz, 1930ean. Filosofia-ikasketak Tafallan egin ebazan eta Teologia-ikasketak Urretxun.

Deustu, Euba eta Berrizko alkarteetan zerbitzatu eban. Lurralde Bikario izan zan Durangaldean, Izurtza eta Mañariko parroko, landa-eremuko pastoraltzarako idazkaritzako arduradun eta Bizian gora nagusien mobimentuko kontsiliario inguru euskaldunean.

Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izentau eban 1961ean eta ohorezko 2018an. Eta Bizkaiko Elizbarrutiak Karmelo Etxenagusia aitamena aitortu eutsan 2018an.

Bertsozale handia izanik, bere eleizkizunetan eta parte hartzen eban ekitaldietan ez zan bertsorik falta. Bizkaiko eta Euskal Herriko Bertsolari Txapelketetako epaile izandakoa da. Komunikadore ona joan jaku, irratian eta beste hainbat saiotan entzun izan dogunean.

Herri hizkera eta herri kulturaren maitalea zan, idazteko gaietan erakusten dauen moduan. Etorri eta sen handikoa, beti hurreko. Erlijinoa eta euskerea bihotzean eroan ditu, bizitzarako nahiz idazle eta itzultzaile moduan.

LUIS BARAIAZARRA

Meñakan jaio zan Baraiazarra 1940an. Herriko eskolan ikasi ondoren, Zornotzako karmeldarren seminarioan sartu zan. Filosofia Gasteizen ikasi eban eta Teologia Bilbon. 1966an abadetu eta Larrean hilabete batzuk egin ostean, Markina-Xemeingo komentura joan zan. Han bizi izan da gaur arte.

Magisterio ikasi (1970) eta hainbat urtean Bera Kruz ikastetxeko irakaslea izan zan. Gerora Euskal Filologian lizentziatzu zan (1982) Deustuko Unibertsidadean.

Irakasle denporan, euskerazko material gitxi egoala-ta, oso ezagunak egin ziran liburu bi idatzi zituan: Euskal Herriko historia I eta II.

Handik urteakarrenera hiztegigintzan sartu zan buru-belarri, Bostak Bat lantaldean.

Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izentau eban 1996an eta ohorezko 2010ean. Hainbat batzordetan parte hartu dau Akademian bere ekarpena eginaz.

Aldizkari askotan idatzi eban Luisek, baina Karmel aldizkarian egin dau ekarpenik handiena, poeta, idazle eta zuzentzaile moduan. Bere lanen artean biografiak (Augustin Zubikarairena, Santi Onaindiarena, Jon Lopategiren…) eta itzulpenak nabarmendu behar dira. Baraiazarrak euskerara ekarri ebazan Vatikanoko II. Kontzilio Ekumenikoko testuak, eta Teresa Lisieuxekoaren, Santa Teresa Ávilakoaren eta San Joan Gurutzekoaren idazlan guztiak.

Bizkaiko Bertsozale Elkartearen idazkari izan zan hainbat urtean, eta epaile moduan be ibili zan txapelketetan. Hainbat omenaldi jasotakoa da, bereziena beharbada Meñakan 2016an egindakoa. Ordutik haren izena daroa udal liburutegiak.

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.