Urriaren 30ean, Domu Santu jaiaren bueltan, Heriotza ohikuneei buruzko hitzaldia egin dau Akaitze Kamiruagak Markinan. Gaur egun dana Gau baltza bada be, oraintsu arte Domu Santu etxeko hildakoakaz lotuago egon da. Eta hildako horreen inguruan, etxean baten bat hil orduan XX. mendean egiten izan diran erritu edo ohikuneak gogoratu ditu Akaitzek.
Heriotza etxeko kontu bat izan da gure kulturan, eta etxekotzat daukaguz familiako biziak eta hilak. Horregaitik, Eleizak agindutakoaz ganera, jokabide oso arautuak erabili izan dira familian, auzoan eta herrian heriotzaren ganean. Horreek azaldu ditu Akaitzek hitzaldian, besteak beste, heriotza zantzuak, agonia, Eleizakoak azken sakramentua, etxeko dolua eta auzokoen laguntasuna, heriotza jakinarazotea etxekoei, auzokoei eta etxeko animaliei, gorpua janztea, gaubela, hilbideak edo andabideak eta gorpua eleizara eroatea, segizinoa eta eskaintzak, hileta, hilobiak eleizan eta kanposantuan, sepulturea, hildakoak gogoratzea…
Prozesu horreek guztiok zehatz jasota dagoz Atlas etnográfico de Vasconia lanean. Baina joan dan mendeko 1960ko hamarkadatik hona guztiz aldatu dira, zerbitzu gehienak etxetik kanpora atera diralako eta gaur egun ez dalako Eleizearen arabera jokatzen.