Sabino Arana Fundazioan “Euskal literatura eta emakumeak” gaiari buruzko jardunaldia egin dogu azaroaren 19an. Fundazioaren izenean Koro Garmendiak egin deutsie agurra bertaratu diran entzuleei, eta Bilboko Udalaren izenean Itziar Urtasun Berdintasun arloaren arduradunak.
Labayru Fundazioak prestatu dau ekitaldia eta bertan izan da Igone Etxebarria aurkezle eta moderadore. Saioan zehar, ibilbide historikoa egin dabe hizlariek. Alde batetik, Xabier Altzibar izan da, Filologia Erromanikoan lizentziaduna, Euskal Filologian doktorea, Irakasle katedradun ohia Euskal Herriko Unibertsitean (UPV-EHU) eta Euskaltzain urgazlea. Xabierrek Filologia arloko liburuak (Bizkaierazko Idazle Klasikoak, 1992), ikerlanak eta edizio kritikoak argitaratu ditu. Azken urteetan, Memoria Historikoa berreskuratzearen ildotik, gerra aurreko Pizkundeko idazleak ikertu ditu, kasurako Julene Azpeitia Gomez (1888-1980). Biografia eta obra (2021).
Altzibarrek “Emakume-luma hautsiak. Klasikoetatik Gerra Zibilera arte” izenburuko hitzaldia egin dau. Bertan, Bizenta Mogelengandik hasi eta joan da mendeko gerra aurrera arteko ibilbidea ekarri dau gogora, batez be abertzaletasun eta Pizkunde garaiko emakume idazleak, hainbat andrazko idazleren lanak agerian jarriz. Euren idazteko kontestua, ezaugarriak, baldintzak, helburuak… aitatu ditu.
Bigarren hizlaria Larraitz Ariznabarreta izan da, Deustuko Unibertsitatean irakasle dana gaur egun. Aurretik irakasle eta ikerlari izan da Boise State University-n eta University of Nevada, Renon. Horrez ganera, 2022an Liverpool Unibertsitateko Manuel Irujo Katedrako irakasle gonbidatua izan zan, eta 2024an Boise State University-ko Eloise Garmendia Bieter Katedrako irakasle gonbidatua, bi sariak Etxepare Euskal Institutuak sustatuak. Martin Ugalde: Cartografías de un discurso (2015) lanagaz atera eban doktodarutza, eta beste artikulu eta liburu askoren egilea da, Notes on Basque Culture: The Aftermath of Epics (2019), Beotibar. 700 urte geroago (2021, Xabier Irujorekin) eta A Companion to Basque Culture (2024).
Egin dauen hitzaldiaren izenburua: “Amak, feministak, sorginak, munstroak. Emakume idazlean diktadura osteko euskal literaturan”. Diktadura ostean hasitako emakumeen literaturan murgildu ditu entzuleak. Arreta berezia jarri deutso ama tradizionalaren figura (sarritan aberriagaz lotua) zelan (ber)irakurri daben idazleok. Azken urteetako euskal fikzinoan nabarmen ageri dira emakume arau-hausle eta boteretsuen irudiak, euskal identidadea eta nazionalismoaren diskurtsoak (ber)interpretatzeko eta eraldatzeko tresna literario gisa erabili diranak. Aurkezpenaren helburu nagusia zera izan da: ikuspegi kritiko eta barritzaileok euskal nortasun garaikidean izan daben eragina azpimarratzea eta azaleratzea.
Hirugarren hizlaria, Jasone Osoro idazlea izan da. Informazio zientziak (EHU) eta Gidoigintza gradu ostekoa (ESCAC) ikasi zituan eta prensa idatzian, irratian nahiz telebistan egin izan dau lan, kazetari, zuzendari, gidoilari, kolaboratzaile eta aurkezle bezala. Narratibako liburuak idatzi izan ditu gehienbat, bai helduentzat (Tentazioak, Korapiloak, Greta eta 12etan bermuta eta Arrakasta saiakera); bai gaztetxoentzat (Jara, Ezekiel, Eskularru beltzak eta Goazen bildumak eta Festa). Bere ibilbidean hainbat sari eskuratu ditu: Zazpikale, Zilarrezko Euskadi, Igartza, Agustin Zubikarai, Juul, Ezekiel Etxeberria, Geure Gelatik… Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria izan zan. Gaur egun idazle profesionala da.
“Azaleko autoerretratuak” izeneko hitzaldia egin dau, berak idatzitako liburuen azaletan oinarrituta. Azalik azal bere ibilbide literarioaren barri emon dau, literatura berarentzat zer dan azalduz. Horrez ganera, irakurleen garrantzia azpimarratu dau, literatura entretenimenturako aldarrikatu, eta gaztetan irakurteko zaletasuna sendotu beharra heldutan persona horreek irakurleak izan daitezen. Idazleen arteko sareak, editoreen lana, idaztearen balio personala, andrazkoen egoteko modua literaturaren plazan… hainbat gai erabili ditu.
Amaitzeko alkarrizketa sortu da hizlari guztien eta entzuleen artean.