Mintzolak eratuta, urriaren 27an jardunaldia egin dabe Villabonan kantu tradizionalak batu eta gordeten jarduten daben lau erakundek. Hizlariak izan dira Maite Deliart Euskal Kultur Erakundearen izenean; Jon Bagues Eresbilen zuzendaria; Jean Mixel Bedaxagar Sü Aziako burua eta Igone Etxebarria Labayru Fundazioaren ordezkari. Gai-jartzaile Nere Erkiaga, Xenpelar Dokumentazio Zentrokoak jardun dau.
Erakunde guztiok kantu-ondarea darabilgu gure lan-arloen artean. Horrez ganera, dokumentazinoa lantzen dogu, eta hortik abiatu da jardunaldia. Bakotxak zertan diharduen azaldu dau, ze eratako ondarea daukan, zelan dokumentatzen dauen eta zer daukan ikusgai eta konsultagai.
Eztabaidan hainbat gai azaleratu dira; kasurako, alkarregaz behar egiten daben eta transmisinoa zelan ziurtau, gazteen artean batez be.
Erakundeotako bakotxak lurralde ezbardinean behar egiten dogula kontuan hartuta, egoerak be halangoak agertu dira. Edozein kasutan, dokumentazino lan honek guztiak bere balio osoa hartzen dau barriro gizarteratzeko balio dauen neurrian. Eta horretarako beharrezkoa da erabiltzaileen esku ipintea.