Labayru Gaur

0

Bueltan da BOTABA lehiaketa. Euskal esamoldeen erronkak ahalik eta gazte gehienengana heltzea du helburu aurten ere. Horretarako, indarberrituta, berrikuntzekin eta gogotsu dator bigarren edizioa.

Beste behin ere, Labayru Fundazioak Gaztea irratia izango du bidelagun egitasmo honetan, baina ez da kolaboratzaile bakarra izango. Iaz Zuriñe Hidalgo, Alex Sardui eta Aritz Aduriz izan ziren promozio kanpainako protagonista nagusi, eta aurten aurpegi berriak izango ditugu lehiaketako enbaxadore lanetan, erronka Euskal Herriko zein mundu zabaleko euskaldun gazteen artean zabaltzeko. Iban Garcia youtuberrak, Aitziber Garmendia aktoreak eta Isma Pereira El Conquistador del Fin del Mundo saioko lehiakide oihak etengabeko jarraipena egingo diote lehiaketari beraien Instagram kontuetatik.

Gazteentzat eta hain gazte ez direnentzat diseinatuta dago lehiaketa. Azaroan hasiko da lehiaketa, eta parte-hartzaileek nahi beste bideo aurkeztu ahal izango dituzte nahi beste kategoriatan. Izan ere, sarien atalean kategoria desberdinak egongo da aurten.

Iazko markak haustea da aurtengo erronka nagusietakoa. 50 bideo lehiatu ziren iaz, hainbat ekarpen batu ziren Labayru Hiztegi Fraseologikorako, eta gazteak euskararen erabilera naturala eta jatorra oinarri dituen proiektuan inplikatzea lortu zen.

Bi hilabeteko epean, webguneak 8.800 bisita baino gehiago izan zituen. Bisitari gehienak 18 eta 34 urte bitarteko gazteak izan ziren. Promozio spotek 41.000 ikustaldi izan zituzten, eta Instagramen, astean 2.000 bisita eta 16.000 interakziotik gora izan zituen Botaba kontuak.

Sari nagusia, lau lagunentzako bidaia

Lehiaketak iazko mailari eutsi nahi dio eta parte-hartzaileentzako sari ederrak dakartza oraingoan ere. Kategoria desberdinak bereiziko dira eta sari bat emango da bakoitzean; sari nagusia, aurten ere, lau lagunentzako bidaia izango da. Iazko laukote irabazleak lau egun egin zituen Budapesten.

Instagramen egingo da lehiaketa (@botabaerronka), baina Facebook eta Twitter kontuetan ere egin daiteke beronen jarraipena. Gainera, www.botaba.eus webgunean ere euskal esamoldeen erronkaren nondik norakoak eta informazio eguneratua kontsulta daitezke.

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.