Labayru Gaur

0

Dagoeneko heldu da Botaba esamoldeen erronkan lehiatzeko ordua; izan ere, behin “beroketa-fasea” amaituta, parte-hartzaileek azaroaren 4tik 25era arte izango dute aurreko egunetan ikasitako guztia probatzeko aukera.

Hortaz, epe horren barruan aurkeztu beharko dituzte lan guztiak. Esamolde bat edo batzuk aukeratuta, bideo bat grabatu beharko dute lehiakideek, gero Instagramera igotzeko #botaba traola erabilita. Dena dela, Instagramera igotzeko modurik ez duenak botaba@labayru.eus posta elektronikora bidaltzeko aukera izango du. Esamoldeak ondo erabiltzea eta bideoa originala izatea izango dira, besteak beste, sariak banatzeko epaimahaiak kontuan hartuko dituen ezaugarrietako batzuk.

Hirugarren edizio honetan berrikuntzak daude, tartean sariei dagokiena. Aurten bi kategoria egongo dira eta sari bat eskainiko da bakoitzean: batetik, sari nagusia, lau lagunentzako Interraileko txartelak izango dira, hilabete osoz Europan barrena nahi adina bidaiatzeko; eta bestetik, esamolde originalenaren saria, lau lagunentzako abentura-esperientzia bat, Leaktibairen eskutik. Gainera, lehiaketako lehenengo hamar parte-hartzaileen artean Bilbao BBK Live jaialdirako lau sarrera zozkatuko dira.

Instagramen egingo da lehiaketa, baina Twitter eta Youtube kontuetan ere egin daiteke beronen jarraipena. Gainera, www.botaba.eus webgunean ere Euskal Esamoldeen Erronkaren nondik norakoak eta informazio eguneratua kontsulta daitezke.

Sari banaketa, berriz, abenduaren 6an izango da, 14:00etan, Durangoko Azokako areto nagusian.

Beroketa-fasean trebatzeko aukera

Aurten, agian, lehiaketaren egitura bera da aldaketarik nabarmenena; izan ere, lehiaketa baino lehen, “beroketa-fasea” martxan jarri da urrian, parte-hartzaileek, jolasean ondo pasatzeaz gain, lehiaketan nola parte hartu behar den ikas dezaten. Botaba erronkaren enbaxadoreak ezagutu (Iban Garcia youtuberra, Jon Plazaola eta Aitziber Garmendia aktoreak), esamolde eta esaera zaharren arteko ezberdintasuna ikasi, trebatzeko erronketan parte hartu eta sariren bat irabazteko aukera izan dugu orain arte.

Horrela, astean-astean hainbat proba proposatu dira: hieroglifiko bat emanda, horren atzean zein esamolde dagoen asmatzea; Mr. Euskaldunen irudi batek zein esamolde iradokitzen duen; gaztelaniazko esamolde baten euskarazko baliokidea ematea; Berri Txarrak musika taldearen abesti batek ze esamolde ezkutatzen duen asmatzea… Esan bezala, horietako batzuek saria izan dute: Mr. Euskaldun produktu pertsonalizatuak eta Donostia Festibalerako lau sarrera.

Sare sozialen bitartez euskal esamoldeen ezagutza eta erabilera sustatzeko helburua du egitasmoak. Hiztunon hizkuntza-ohituretan eragin nahi du, erregistro kolokialago batean jarduteko behar ditugun baliabideak eskainiz.

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.