Labayru Gaur

0

Maiatzaren 14an Basauriko Social Antzokian Labayru Fundazioak egindako bideo bat aurkeztu zan. Herriko auzo batzuetatik igaroten dan ibilbidean hainbat jakingarri sartu dira lekuotako ondareari buruz. Aurkezpen ekitaldian, Labayruren izenean, Adolfo Arejitak hitzaldi hau egin eban.

Guk ez dogu Basauri lez ezagutu oin hemen gagozan herri hau. Baina izenak ondo agiri dau, lehenagoko denporetan baso artean eregitako etxe moltso txiki bat zala, uri txikitxu bat. Etxe moltso hori herri egin zan, herri txiki lehenengotan, hor Ibaizabal edo Nerbioen gora dagoan San Migel eleizearen inguruan: San Migel Basauriko.

Eta San Migel inguru hori zan lehen Basauriren bihotza, bihotz euskalduna. Herri txikia, oraintsura arte. Baina herri euskalduna, gitxi asko, gaur arte. Arrigorriaga eta San Migel inguru horrek bere euskerea jagon dau egunotara arte, etxeetan ikasia eta irakatsia, nahiz eta gero eta mehatsago, gero eta endekatuago, batez be gerraostean. Baina gerrateaz be ez zan galdu guztiz hemengo euskerea eta euskal nortasuna. Luzaroko urteetan egon zan parroko San Migelen Martin Sagasti Barrena izeneko abade bat, bera beteko euskalduna, Morgako semea.

Gaur be hondino guztiok ezagutzen ditugu bertoko Basauriko euskaldunzaharrak; euskera etxean ikasi dabenak, eta bertoko erara egiten dabenak: Arrigorriagan, Etxebarrin, Bengoetxen eta hemen inguruan egiten izan dan erara.

Derioko Udako Euskal Ikastaroan 1970gn urtetik hasita ibili da Labayru Ikastegia euskaldun gazte eta helduentzako euskera eskolak emoten, eta, horko irakasle izan nazenez, gogoan daukat hainbat basauritar euskaldun izan dirala lehengo urteetan, hara etorri izan diranak: Rekakoetxeatarrak, Ibarratarrak, Aranburutarrak…

Gerraostean Basauri San Migeletik Bidebietarantz hazten joan zan, eta denporeaz San Pedro eleizearen ingurua bihurtu da Basauriren bihotza, erdigunea, San Migel bazterrerago gelditu zala. Ondo akorduan daukat, ni mutiko nintzanean, Morgako esnedunak Bidebietara eta Galdakora etorten zirala esne-saltzen. Basauri non egoanik be ez nekian orduan. Bidebideta bai, ostera.

40ko hamarkadatik aurrera joan zan hazi eta hazi Bidebieta alderdi hau. Ibaizabal biek bat egiten daben zelai eta inguruetan: Orduntetik datorren lehengo Ibaizabal eta gaurko Nerbioi, eta Durango gaineko hatxetatik datorren Ibaizabal. Urbi izenak be ibai bien bat egite hori adierazoten dau. Eta Bidebietak, kamino edo bide biek bat egiten daben bide-kurutzea.

1947an, San Pedro eleizearen ingurune honek 10.000 biztanle eukazan daborduko, eta San Migelek 1.500 baino ez.

Etorkin asko hasi ziran honuntz inguratzen ondoko hamarkadetan, kanpokoak eta barrukoak. Batez be Firestone sortu zanean, eta haren atzetik beste gehiago. Kanpotik etorritakoak asko izan ziran, baina barrukoak be ez gitxi. Batez be 60ko hamarkadan, baserria krisiak jo ebanean, Arratiarik erdia honantz mogitzen hasi zan, Galdakao, Basauri, Santutxu… Baina, Arratiaz ostean, barrualdeko beste herri euskaldun batzuetako jentea be bai.

Basauri urbanoa, guztiz urbanoa da gaur. Ia bestetik ezagutu be ez dogu egin, baina bihotz euskalduna dauka; hori ez dau galdu, ez gerraostean, ez gero. Bere nortasunari eusten jakin dau. Basauriko herriak, eta Udalak, luzaroko urteetan eten barik ekin deutso, bertoko hizkuntza zaharra eta tradizinoko kultureari eusten eta bultz egiten. Dantzak, folklorea, artea, antzerkia, herri jakintza, euskera…, beste herri batzuk baino hobeto jakin dau bizimodu zaharra eta barria buztartzen, tradizinoa modernidadean txertatzen.

Labayru Fundazioa bide-lagun izan da horrelako ahalegin eta ekimen batzuetan:

  • Basauriko toponimia, Labayruk argitaratu eban.
  • Juan Ignacio Astigarrraga, XIX. mendearen lehen hamarkadetako euskal idazle eta sermoilari basauritarraren lana, Labayruk atera eban ilunetatik.
  • Herri ondarearen, herri jakintzaren hainbat eduki, era didaktikoan, Labayruk egin izan ditu: urteko zikloa dala, tradizinoko ohiturak dirala, kantu edo errezitaduak dirala.
  • Eta oraingo ibilbide toponimikoa be bide horretatik doa.

Zorionak eta eskerrak Basauriko Udala, honelako ekimenak sustatzen eta babesten egiten zabiltzen ahaleginagaitik.

Labayru Fundazioan, aurrerantzean be Basauriko herriagaz alkarlana egiteko prest eukiko gaituzue, eta uste dot guztion helburuak bat datozala: gure aurreko belaunaldien eta gure adinekoen jakituria eta ezaguerak gure gaztetxoen belaunaldietara transmititzea. Zaharren jakituria gaztetxoetan mendau eta bizibarritzea. Baserri mundu zaharretik genkarrena gaurko kalearteko bizimoduan zaharbarritzea. Mogel idazle zaharraren pertsonaiakaz adierazota, Peru Abarkaren euskal mundu aberatsa Maisu Juan kaletarraren bizimodu modernoan txertatzea.
Eskerrik asko.

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.