Labayru Gaur

0

Labayruko Euskal Bibliotekak aurrerantzean Ander Manterola izena eukiko dau. Izan be, bera izan da liburutegi horren arima, 1970ean hasi zanetik.

Labayruko laguntzaileen Batzar Nagusian iragarri da izen-aldaketa, eta hori izan da atxakia Anderreri omenalditxua egiteko. Bertan egon dira Sancho el Sabiotik Jesus Zubiaga, Sabino Arana Fundaziotik Iñaki Goiogana, eta Lazkaoko beneditarren liburutegitik Juan Jose Agirre eta Miren Barandiaran. Euskodok taldetik be ordezkaritza ederra egon da batzarrean, Luis Angel Gainza buru dala.

Batzarraren tarte horretan, Artezkaritzako idazkariak, Akaitze Kamiruagak, Anderreri buruzko aurkezpentxu bat egin dau, liburutegiari haren izena ipintea azaltzeko.

Ondoren, Anderrek berak grabautako bideoan emon ditu Bibliotekaren ganeko argibide batzuk: noiz eta zertarako sortu zan, zelan osotu izan dan, laguntzaileak, eta abar.

Ekitaldirako, Joseba Santxok hitzaldia egin dau, “Betiko liburuak, liburuak betiko” gaiari helduta. Liburugintzaren historia azaldu dau, gaur eguneko liburu digitaletara arteko euskarriak gogoratuz. Amaitzeko, Anderren goralpena egin dau bertso baten bitartez.

Hitz egin dogu lehengo garaiez,
jardun dogu liburuez,
azaldu guran jakituria
aldatu leikela azalez.
Euskadi ez da Alexandria,
hemen Alexandrorik ez,
baina badogu Ander Handia,
jakintsu handia danez,
eta nahi geunke, liburutegi
ederra badekogunez,
bataiatzea betiko Ander
Manterolaren izenez.

Amaitzeko, Anderrek berak berba egin dau ekitaldia eskertzeko. Une horretan, bidelagun izan dituenetako batzuk gitxienez gogoratu gura izan ditu: Jon Elorriaga, urteetan liburuzain jardundakoa; Leopoldo Zugaza, bere bitartekaritzaz fondo asko lortu izan dituelako; eta Luis Angel Gainzak gidatzen dauen taldea, boluntario moduan liburutegian egiten daben beharragaitik.

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.