Labayru Gaur

0
Anjel Mari oroigarria hartzen Derioko Ikastaroaren 50. urteurrenean. (Derio, 2019-06-15)

Ustebakoan joan jaku Angel Mari Unzueta Zamalloa abade euskalzalea (1952-2020), 68 urte abenduaren 4an beteteko egoala, lagun, ezagun, eleiztar eta herritar asko eta asko harri eta zurtz gelditzen zirala. Zemendiaren 14an, zapatu iluntze beranduan jazo zan, halakorik espero ez genduala.

Angel Marik Labayru Fundazioagaz, artean Labayru Ikastegia zanagaz, euki dauen hartuemon nagusia euskal hizkuntza lokarri dala izan da lehenagoko aldietan, eta erakunde hartuemonak dirala azken denporetan.

Labayru Fundazioaren sorreraren ardatzetariko bat Derioko Udako Euskal Ikastaroa izan zan, eta Angel Mari be hantxe hasi zan euskera-eskolak euskaldunei irakasten 1975.eko udan, euskal deklinabidea, besteak beste. Eta zeregin horretan jardun eban uda batzuetan.

Euskaldun izatea eta euskalzaletasuna etxetik ekarzan. Durangoko semea izanik, euskerea txikitatik jaso eban, guraso euskaldun berabetekoen ezpanetatik. Derioko Seminarioan, euskaldunak ziran abadegaiek hirugarren kurtsotik (1966-67) euken euskerea ikasgaitzat, Angel tartean zala. Seminarioan euskera-irakasle izan zituanen artean batek merezi dau aitamen berezia, don Karmelo Etxenagusia Iurretako semeak. Bosgarren eta seigarren kursoetan (gaur egungo batxiler urteetan) eta filosofiako lehenengoan Karmeloren bitartez arnastu eban euskera eta euskal literatura Angel Marik.

Deustuko Unibertsitatean historia eta teologiako lizentziaturak etorri ziran ondoren, eta Teologiaz doktoretza Alemanian, Bochumgo unibertsitatean, hurrengo. Erromako Unibertsitate gregorianoan zabaldu eta sakondu zituan bere eleiz ikasketak.

Ikasle argia gaztetxotatik, ikasketen bidez irabazi eban formakuntza sendoa lagungarri parebakoak izan ditu, batez be Bizkaiko Eleizan izan dituan ardura eta erantzukizunetan, eleizearen aldian aldiango irakatsiak gizarteari bideratzeko duintasunean eta euskal gizartearen baketze eta adiskidetze bide korapilotsuak argitasunez eta leuntasunez bideratzean. Bizkaiko eleizan pisu handiko gizona izan da, eta gizartean lorratz handia itxita joan da. Eleizbarrutiko abade eta erlijiosoen aldetik estimu handia eta eretxirik onena irabazten jakin dauen abadea. Horregaz lotuta dago, duda barik, 2006an Ricardo Blazquez gotzainak Eleizbarrutiko Bikario Nagusi izandatu izana.

Gaztetatik abiatu zan euskal kazetagintzan be, 1973ko urtearen azken herenean Radio Popularren, Bilbo Herri Irratia F.M.an hasi barri ziran euskerazko irratsaioak egiten ziharduan taldearen kide lez lanean hasi zanetik aurrera. Euskerazko irratsaioetan jardun izan dau gehienbat ibilbide luze horretan, baina baita erderazkoetan be, premineak halan eskatzen ebanean. Irrati horregaz, eta geroago luzapen modura sortuko zan Bizkaia Irratiagaz aldiroko lankidetzan jardun izan dau, batez be eleizearen inguruko irratsaioak ontzen ‑alkarrizketak, albistak, mezu komentatuak…‑ entzuleen entzumenera eroanez. Angel Marik berak esan ohi eban, abade izan ez balitz, kazetaritza zatekeala bere lanbiderik kutunena; hitzezko kazetaritza berariaz.

Eleizbarrutiko kultura, hezkuntza eta hedabideen alkarretaratzeen edo eleiz gidabideen arduraduna izan da azken urteotan, Bizkaiko eleizeak sendo jagoten dauen kultura eta erlijinoaren alkarkuntza gidatzen, eta bikariotza arduren ostean horrexetan jardun izan dau azken momenturaino.

Umore oneko gizona, buru on eta oroimenaren berezko doaiaren jabe, lagunartea eta adiskidetasunak ugari eta ondo baino hobeto jagoten izan dituana; kirolzale handia, futbola, pala edo mendia dala; bizitzari alderdi onetik eta baikor begiratzearen zaleagoa; alderdi ilun, neke eta nahibageak isilik igarotekoa. Hori izan da Angel Mari.

Ortzi goi horretatik argi egin beigu.

“Zeruaren eta lurraren
arteko zubi,
gorputzez berde,
arimaz zuri,
horra mihura
bizitzaren misterio zaharrak
erakutsi guran guri.

Parabola guztien metafora dirudi,
zelan mihurak neguko zuhaitzetan…
halan bedi Angel Mari
gure bihotzetan!”

  (Anton Mari Aldekoa-Otalora)

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.