Aspaldian hasi ginan Arratzun grabazinoak egiten kultur ondarearen barri jaso eta barriro zabaltzeko. Oingoan Arratzu Bizimodua eta ohiturak izeneko liburua argitaratu dogu, eta abenduaren 2an aurkeztu, Euskerearen Nazinoarteko Egunaren inguruan.
Herritarrei batutako informazinoagaz osotu da gehien baten liburua. Bertan, herriaren eta auzotasunaren barri emoteaz ganera, etxea eta familia, nekazaritza, abeltzaintza, bizitzako eta heriotzako ohikuneak, herri-egutegia eta aisialdiko jarduera batzuk batu ditugu.
Barri-emoileak adin ezbardinetakoak izan diranez, bertan batutako informazinoa be asko aldatzen da, gai batzuetan gehiago ganera.
Osagaiok guztiok ondare immateriala osatzen dabe, belaunaldiz belaunaldi transmitidu, taldean konpartidu eta herria kohesionatzeko balio dabelako. Ondare hori bizi da ostera, eta bizirik dagoana aldatu egiten da. Horregaitik hainbat arlotan aldaketa handiak ikusiko ditugu. Ezkontzak eta heriotzak ez dira bardin ospatzen orain dala 40 urte edo orain. Jaiak be ezbardin egiten dira, eskolatzeko eta sozializatzeko moduak be sasoietara moldatzen doaz. Baina hor dagoz beti, forma ezbardinagaz baina bizirik. Horren erakusgarri da liburuan jasotako Santa Ageda abesteko taldeen argazkiak, gerra aurrekoa bata aurtengoa bestea.
Argazkiak batzen egindako ahaleginak be asko jantzi dau azkenengo produktua.