Bedian jai giroan herriginen dauka izenburua Bediako udalarentzat egin dogun azkenengo lanak. Abenduaren 3an, Euskerearen egunean, aurkeztu dau liburua bertan Igone Etxebarria egileak.
Herria ezagutzeko, bertako ondarearen barri eukiteko, egindako lana da hau. Oingoan jaien ganean jardun dogu, urteko zikloa kontuan hartuta.
Urtez urte jai jakinak ospatzen doguz, eta bakotxak bere berezitasunak daukaz. Baina guk ez doguz horreek asmau. Aurrekoengandik ikasi dogu karnabaletan tostadak jaten, sanjuanetan sua eta erromeria egiten, sanmartinetatik aurrera txarria hilten eta gabonetan familia alkartzen.
Horrek danak herri nortasun edo identidadedea emoten deusku, horregaitik ipini deutsagu izenburua ‘herriginen’, danon artean, danean parte hartuz, komunidadea sortzen dogulako.