Labayru Gaur

0

Bendejerak. Sorotik plazara liburua da proiektu honen beste atala. Bertan azaltzen da lanbide horren bilakaera eta ezaugarriak. Bendejea plazara eroatea izan da baserri askotako lana eta etxeko diru-iturri nagusia hainbat urtetan. Bendejea normalean andrek saltzen dabe, horregaitik bendejera esaten jakie.

Joan dan mendearen erdirantza saltzaile asko ibilten ziran, ortuariak, esnea, arrautzak, oiloak eta etxeko jeneroak saltzen. Hasieran oinez eta astoagaz joaten ziran herrietako eta Bilboko plazetara, geroago trenez eta kotxez. Gazte-gaztetatik hasten ziran neskatoak amari edo auzoko andrei lagunduta, lanbidetzat euki ez dan arren, behar horretan.

Bendejea plazara eroateko, ostera, aurretik behar asko egin behar da. Soloan landu, batu, garbitu eta antolatu, eta azkenik eroan. Eta plazan saltzen bada ondo, ezpabere txartxuago.

Behar hori bizimodu bati lotuta dago. Baserrian familia osoa hartzen dau, etxea, familia eta lurra lotzen ditu, eta gure geure nortasunean guztiz txertatuta dago.

Bilboko kasuan, bendejera asko eta asko Txorierrikoak izan dira, eta gaur egun be geratzen diranak halantxe dira. Sarritan eurak izan dira Bilbon euskerea bizirik euki dabenak, eta Bizkaiko herriak Bilbon bateratu dabezanak. Erriberako merkaua izan da eurentzako gune nagusia, etxerik etxeko salmentaz ganera.

Liburu honetan ibilbide hori guztia azaltzen da. Horrez ganera, ataltxu bat San Tomaseko azokari buruzkoa da, hor be baserritarrak batzen diralako euren produktuak erakusten eta saltzen.

Nondik gatozan eta zer garan ondo jakiteko, kontuan hartu beharreko ondasuna dogu bendejeren bizimoduari lotutakoa. Eta gure ardurea da gazteei horren barri emotea. Liburu eta bideo honeetan halan jaso izan da, onuragarria izango dan esperantzan.

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.