Labayru Gaur

0

Aste batzuk dira Botaba lehiaketako “beroketa-fasean” murgildu ginela eta, izaten ari den erantzuna zein parte-hartzea ikusita, martxa onean doala esan dezakegu. Besteak beste, Botaba erronkaren enbaxadoreak ezagutu (Iban Garcia youtuberra, Jon Plazaola eta Aitziber Garmendia aktoreak), esamolde eta esaera zaharren arteko ezberdintasuna ikasi, trebatzeko erronketan parte hartu eta sariren bat irabazteko aukera izan dugu orain arte.

Horrela, astean-astean hainbat proba proposatu dira: hieroglifiko bat emanda, horren atzean zein esamolde dagoen asmatzea; Mr. Euskaldunen irudi batek zein esamolde iradokitzen duen; gaztelaniazko esamolde baten euskarazko baliokidea ematea; Berri Txarrak musika taldearen abesti batek ze esamolde ezkutatzen duen asmatzea… Hemendik azarora bitartean, erronka gehiago egongo dira; horietako batek, gainera, saria izango du: Donostia Festibalerako lau sarrera.

Behin “berotze-fasea” amaituta, lehiaketaren txanda izango da azaroan, hilaren 4tik 25era hain zuzen ere. Epe horren barruan aurkeztu beharko dira lan guztiak. Esamolde bat edo batzuk aukeratuta, bideo bat grabatu beharko dute parte-hartzaileek, gero Instagramera igotzeko #botaba traola erabilita. Dena dela, Instagramera igotzeko modurik ez duenak botaba@labayru.eus posta elektronikora bidaltzeko aukera izango du. Esamoldeak ondo erabiltzea eta bideoa originala izatea izango dira, besteak beste, sariak banatzeko epaimahaiak kontuan hartuko dituen ezaugarrietako batzuk.

Orduan ere, sari potoloak izango ditugu: alde batetik, sari nagusia, lau lagunentzako Interraileko txartelak, hilabete osoz Europan barrena nahi adina bidaiatzeko; eta bestetik, esamolde originalenaren saria, lau lagunentzako abentura-esperientzia bat, Leaktibairen eskutik. Gainera, lehiaketako lehenengo hamar parte-hartzaileen artean Bilbao BBK Live jaialdirako lau sarrera zozkatu dira.

Sari banaketa abenduaren 6an izango da, 14:00etan, Durangoko Azokako areto nagusian.

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.