Iaz baino bideo gehiago hartu ditugu Botabaren bigarren edizioan, partaidetza are handiagoa izan da eta eragin-eremu zabalagora heldu gara. 70 bideotik gora aurkeztu dira lehiaketara eta adin-talde guztietako parte-hartzea izan dugu. 16 urtetik gorako gazteak eta ez hain gazteak ere batu zaizkigu egitasmora. Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako hainbat bazterretara heldu gara: Bilbo, Abadiño, Igorre, Durango, Gernika-Lumo, Galdakao, Basauri, Mungia, Zornotza, Oñati, Donostia, Azkoitia, Zarautz, Eibar, Pasaia eta Gasteizera, besteak beste.
Lehiaketan hainbat sari egon dira jokoan. Sari nagusiaz gain, kategorietan banatuta, lau sari eman ditugu. Eta gainera, lehiaketara aurkeztutako lehenengo hamar bideoen artean BBK Live eta Donostia Festibalerako sarrerak zozkatu ditugu, Last Tourren eskutik. Lehentxoago edo gerotxoago eta ahotik kendu esamoldeekin egindako bideoek irabazi dituzte, hurrenez hurren, jaialdietarako sarrerak.
Sari nagusia aurten ere Gipuzkoa aldera joan da, Oñatira hain zuzen ere. Lehiaketako epaimahaiak @lpmtaldea izeneko lagun-kuadrilla izendatu du irabazle nagusi kaka burutik behera egin esamoldearekin egindako bideoagatik. Esamoldea kontestu original eta egoki batean erabili ezeze, ongarri kimikoen aurkako mezua ere zabaldu nahi izan dute oñatiarrek. Bideoak Europako hiriburu bat lau egunez bisitatzeko aukera ezin hobea emango die lau oñatiarrei. Iazko irabazleei Budapestera joateko aukera eman zien El Corte Inglés-ek eta aurten ere parte-hartzaileen esku utziko du hiriburu batera edo bestera joateko erabakia.
Kategorietako sariei dagokienez, istoriorik originalenaren saria @iralegasteiz-eko ikasle taldeak irabazi du bateko bastoa eman esamoldearekin egindako antzezpenagatik. Taldekideek zurezko Ixi Wood betaurreko bana eskuratu dute. Esamolderik originalena, berriz, Abadiñoko @sarraparra4 taldeak proposatutako hi mobidu orduko astarrak be umea egingo dau izan da. Bideoko protagonistek lau lagunentzako bi gaueko egonaldia irabazi dute Nekaturren landetxe batean.
Bideo-muntaiarik onena ere saritu dugu aurtengo edizioan. Zarautzeko @xabier_eizaguirre-k lagun-taldean landutako bideoa izan da kategoria honetan onena. Egurra eman, beltzak ikusi eta kukuak oker jo esamoldeak erabili dituzte aurkeztutako lanean. Zarauztarrek, beraz, ikus-entzunezko 4 ikastaro egiteko aukera izango dute Bilboko Imval ikasketa zentroan.
Azkenik, euskaltegiei kategoria berezia eskaini zaie aurten, eta lehiaketara aurkeztu dituzten bideoen artean Igorreko AEK Kubulu euskaltegiko ikasleak saritu ditugu euskaltegietako bideorik onenaren kategorian. Ikasgelan zalditik astora ibili esamoldearekin grabatutako bideoak egin ditu irabazle eta sagardotegian ospatu ahal izango dute hamar lagunentzako bazkari edo afari ederrean, Euskal Sagardoaren eskutik.
Sari-banaketa abenduaren 7an egingo da Durangoko Azokako areto nagusian, arratsaldeko 15:30ean.
Hango eta hemengo esamoldeak
Azaroaren 5ean hasi zen lehiaketa, eta 26an amaitu. Labayruk Gaztea Irratiarekin elkarlanean antolatutako egitasmoak hiztunok kaleko hizkera informalean darabiltzagun esamoldeak sare sozialen bidez zabaltzea du helburu nagusi. Hango eta hemengo gazteek euren egunerokoan darabiltzaten eta sortzen dituzten esamoldeak mundu birtualean zabaltzeko bidea izan nahi du lehiaketak, euskara gaztea eta gazteena ere badela erakusteko.
Bigarren edizio honetan ere euskarazko hainbat esamolde erabili dituzte parte-hartzaileek euren bideoetan. www.botaba.eus webgunean proposatutakoez gain, aurten hainbat esamolde jator bildu ditugu Labayru Hiztegi Fraseologikoa aberasten eta ugaritzen lagunduko digutenak: puntarengo jantzita; txubelaxoen moduan edan; astoa atzeraka baino egoskorragoa izan; txirbil eginda egon; suberingerie baino azkarragoa izan; bata, bestea eta hestea, uzkiraino beteta…