Aurten be Labayruk Durangoko Azokan bere lekutxua eukiko dau, urteko nobedadeak erakusteko. Hutsik egin barik, urtez urte, hor egon izan gara, batzuetan argitalpen gehiagogaz besteetan gitxiagogaz. Horixe dogu gure lagun, kide eta bezeroakaz bat egiteko lekurik egokienetako bat, eta horregaitik be han izango gara hurrengo egunetan.
Aurtengo argitalpen barri nagusiak honeek izango dira:
Munduenea II: umeentzako hamar ipuin dira Munduenea bilduma osotzen dabenak. Munduko hainbat lekutatik etorrita gure artean bizi diran bizilagunek kontautako ipuinak dira, bakotxa bere hizkuntzan eta euskeraz emonak. Ipuinok, ganera, irakurteko ezeze entzuteko be badagoz. Liburuan bertan daukiez audioetara sarbidea emoten daben QR kodeak. Ipuinon bitartez, beste herrialde batzuetako hiztunen hizkuntzak eta kulturak ezagutu ahal izango ditugu, gure hizkuntzagaz lotu eta alkarren arteko zubiak egiteko. Bigarren bilduma dogu hau. Oingoan herrialde eta hizkuntza honeek sartu dira: Mexiko-gaztelania, Iran-persiera, Britainia Handia-ingelesa, Peru-kukama, Filipinak-tagaloa, Ukraina-ukrainera, Polonia-poloniera, Japonia-japoniera, Turkia-turkiera eta Sahara Mendebaldea-hassania.
Dantza taldeak Bilbon 1940-1975 bitartean: liburu honetan Bilboko historiaren zati bat berreskuratu dogu. Diktadura garaian gaur egun Bilbok daukan lurraldean izandako dantza taldeen katalogoa da berez liburu hau. Orduko garaian Bilbo handiagoa zan, baina oraingo neurrietara mugatu dogu lana. Dantza taldeak euskal nortasunaren lekukorik bizienak izan ziran diktadura garaian, euskal usaina edo kutsua eukan edozer galarazota egoan eta. Folklorea euskaltasuna eta kontzientzia garatzeko bide bakarretarikoa izan zan. Halanda be, urte askoko tartea hartu da eta egoerea aldatzen joan zan bitarte horretan guztian zehar. Guztira 33 talderen barri emoten da, batu ahal izan dan informazinoagaz osotuta. Ez da dokumentazino idatzirik egon, horregaitik ikerketa hori ahoz aho egin behar izan da. Luis Angel Gaintza eta Jose Luis Orbe ibili dira batari eta besteari informazino eske, eta euren ahaleginari esker izan da posible lan hau egitea.
Mundu bete jai: lan honetan gure artean bizi diran sei kulturatako personek Bilbon egiten dabezan jaiak batu ditugu. Bakotxak bere herrialdeko jaia ospatzen dau hemen, eta jai horren barri batu dogu: zer esan gura dauen, zelan ospatzen dan, osagaiak, parte hartzaileak, sinbologia, zertarako egiten daben… Honeek dira liburuan jasotako ospakizunak: txinatarren Urte Barria, musulmanen Eid al Fitr, Kamerungo Ngondo jaialdia, Mexikoko Hilen Eguna, Errumaniako Egun Nazionala eta Kolonbiako Kandelatxoen Eguna. Lan honek euskarri bikotxa dauka, liburua eta bideoa. Izan be, atal bakotxak bideo bat dauka youtuben, eta atalaren hasieran dago QR kodea batetik bestera sarbidea emoteko.
Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.
Necessary cookies are absolutely essential for the website to function properly. This category only includes cookies that ensures basic functionalities and security features of the website. These cookies do not store any personal information.
Any cookies that may not be particularly necessary for the website to function and is used specifically to collect user personal data via analytics, ads, other embedded contents are termed as non-necessary cookies. It is mandatory to procure user consent prior to running these cookies on your website.