Labayru Gaur

0

Martiaren 8a Emakumeen Nazinoarteko Eguna dala-ta, Ispasterren “Emakumeak lanean” izeneko argazki-erakusketa ipini dabe Iñigo Egiluz Aretoan. Herrian eratutako ekitaldia egin eben bertan. Lehenengo Udaletxeko plazan Eudelen adierazpena irakurri eta gero erakusketa zabaldu.

Horretarako, Labayru Fundazioko Igone Etxebarriak parte hartu eban, sarrerea eginaz. Emakumearen rola eta arlo ezbardinetan egindako lanak erabili zituan, argazkietan agertzen diran kontestuak kontuan hartuta.

Alde batetik, andrazkoen eta gizonezkoen egitekoak eta ezaugarriak gizarte tradizionalean azaldu zituan; eta bestetik, andrazkoen ofizio, beharleku eta ogibide batzuk: baserri munduan esneak saltzen, plazara jeneroa eroaten, bendejerak; itsaso inguruan sareginak, neskatilak, enpakadorak, arrain-saltzaileak; industrian hainbat lantegitan, batez be eskubehar fina egin behar zanean, tallerretan, idazkariak; zaintzagaz lotutako ofizioak: maistra, erizain. Lan-baldintzen ganean be jardun eban.

Horren ostean alkarrizketa aberasgarria sortu zan, herriko hainbat andrak baserriari buruz esandakoa bizi izan dabelako, euren esperientzia azalduz. Pintxo batzuk janez barriketaldiak aurrera egin eban, argazkiak, hizlariak esandakoak eta bakotxaren esperientziak partekatuz.

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.