Labayru Gaur

0

Eñaut Etxebarri Bilboko diseinatzaile grafikoa da. 25 urte daroaz horretan beharren berak sortutako Artefakto enpresan. Gaur egun horrez ganera unibersidadean Komunikazino zientzietako fakultadean irakasle dabil, ikus-entzunezko komunikazinoan eta publizidadean. Gaur egun doktorego tesia prestatzen dabil euskal grafia gaiari buruz.

Aspalditik dauka gai horretarako zaletasuna, denda eta tabernetako errotuloetan ikusita, oso ugaria izan dalako eta gaur egun be badalako. Gaur egun, ostera, iraganeko usaina hartzen deutso, kalidade grafikoaren aldetik zerbait galdu dauelakoan.

Gerra aurreko loraldian asko be asko erabili zan. Gerrak ekarri eban etenak ezkutau egin eban asko, erabilten jarraitu arren. Diktadura osteko eta XX. mende amaierako kulturaren loraldian barriro indartu zan. Baina ordutik, eta gehiago ordenadoreetan tipografia hori erabilten hasi orduan, kalidade aldetik eskastu egin dala uste dau.

Tesiaren bitartez, grafia horren jatorriaren bila dabil Eñaut, erromatarren inskripzinoakaz eta Erdi Arokoakaz lotu izan dalako, bera ezezkoan badago be. Nondik sortu izan diran karaktereak eta ibilbidearen kronologia egitea da ikertzailearen helburua, halako grafia erabili daben egileak, marrazkilariak eta artistak identifikauta. Bestalde iraganeko ereduak errekuperau eta gaur egun erabilteko moduan eskura jartzea gura dau.

Labayruko Ander Manterola Euskal Liburutegian dabil urten be egin barik aspaldion, liburuak, liburuxkak, kartelak banan-banan arakatzen. Horren bitartez, artistak edo egileak identifikatzen doa, bide batez kronologia osotuz. Izan be, karaktereak ez dira beti bardin-bardin erabili. Eskuz egindako lanak diran aldetik, egile bakotxak bere ukutua emon izan deutso. Aldi berean, interpretazino edo aldaera horreek guztiok aberastu baino ez dabe egin euskal grafia esaten doguna.

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.