Labayru Gaur

0

Ha fallecido Txomin Bereziartua, un hombre activo, creativo, emprendedor. Participó activamente en la creación de Labayru Fundazioa, y siempre se ha mantenido al lado dispuesto a echar una mano en todo lo que le ha sido posible. Esa actitud le reconoció el Consejo Rector el año 2017, al nombrarle Miembro de Honor de la institución.

Adolfo Arejita lo recuerda así.

«Txomin Bereziartua (1929-2023) ibilbide luzeko eta bizitza oparoko gizon horreetarikoa izan dogu. Abadea, abertzalea, euskal eleizearen, euskal gizartearen, batez be gazteriaren, suspertzaile eta laguntzaile etsiezina, ia azken arnasetaraino, esango neuke.

Gaztetxo nintzala ezagutu neban, diktadura aldian, Euskal Herriko eskautak alkartearen buru zan denporan; 1974 urte ingurua izango zan. Nerbioi ezkerraldeko gazte mogimentuak ezkertarrak eta euskalduntasun usain gitxikoak ziran aldian. Baina abade egin eta hiru urtera (1956) ipini eban abian Getxoko Andra Marin gazte eskauten taldea. Aldi horretan Eleizan gizarte-ekintzaren aldeko gogo eta ekimenak zabalduz joiazan. Eleizgizon eragile eta ekimen handikoak hasi ziran jardunean aldi horretan, bai ekonomia-egituren sustapenean (Jose Mari Arizmendiarrieta eta geroago Julian Olazabalaga), langile mogimentuetan, irakaskuntzan, hedabideetan (irratigintzan), gazteriaren eragintzan (Baserri Gaztedi / Herri Gaztedi, Euskal Herriko Eskautak).

Txomin Bereziartua, euskera galdua eban familia bateko semea, euskal gizarte konplexu baten, ekimen-sortzaile eta lankide-batzaile bardinbakoa agertu da bere bizi-ibilbide luzean. Bere berbak hona ekarrita: Jainkoak emon eutsan bizitzaren grazia ezin eban alperrik galtzen itxi. Gizartearen alde egin beharreko guztia egin beharra egoan: preminea non ikusi, hari erantzun.

Txomin Bereziartua bilbotarra genduan jaiotzaz, baina Bizkai lurraldeko leku diferenteetan itxi dau bere oinatz sakona, eleiz barruan eta gizarte zabalean. Abade izan dan uri eta herrietan ekinean eta eraginean jardun dau bizi osoan.

Labayru Fundazioa

Labayru Fundazioaren (lehengo Ikastegiaren) sortu ahal izateko bultzatzaileeetarikoa izan genduan Txomin, Ander Manterola abade eta Fundazioaren zutabe bihurtuko zanaren aldamenan. Bizkaiko eleizan orduko aldian ziran bildurrak eta hoztasunak goitzen indar egin ebanetarikoa.

Sorreratik aurrera (1977), urteroko Batzar Nagusietan, Artezkaritzaren batzarretan eta gazteentzako Hezkuntza ekimen eta material sortze ahaleginetan, zirikalari eta bultzagile izan zan. Amesak benetako errelidade bihurtzeko bildurrik ez eban gizona, Labayru Ikastegiak unibersidade-ikasketak eskaintzeko ekimena be berea izan zan, gero helmugara heldu ez bazan be.

Labayru Fundazioak euskal hizkuntzaren eta jakintzaren aldeko jardunean garatu dituan ikerketa eta gizarteratze egitasmo eta lanak balio handikotzat epaitu ditu Txomin Bereziartuak, eta osasuna lagun izan dauen bitartean lokarri estuaz jagon dau alderdi hori.

Baina Labayru Fundazioaren zeregin esparruan ez egozan beste ildo batzuk be behintasun handikotzat joten zituan, eta horretatik bultzatu eban Novia Salcedo Fundazioa, begipean beti be unibersidade mundua eta gazteriaren formakuntza zituala.

Ez dot ahaztu barik itxi gura, Ziarrotzako Kolegiata bizibarritzearen ahaleginean be euki eban parte sendoa. Nafarroako La Olivako Zister ordenako komunidadea konbentzidu eban, euren ardurapean Ziarrotzako Kolegiatan be komunidade txiki bat abian ipini egien. Eta baita lortu be.

Ez daukat ahaztuta, Portugaleteko Andra Mariaren eleizako buru izan zan urteetan, uri horretako ongile batek emondako diruaz gazteen ikasketa eta ikerkuntzak bultzatzeko eratzen zituan bekak be. Labayru Fundazioko kide nazan hau be tarteko izan nintzan urte batzuetan epaimahaikide moduan.

Txomin Bereziartua jaunak azken hamarrurteetan jaso dituan Sariak eta Ezagutzak, Bilbon, Bizkaian, Katalunian eta Espainian barrena ez dira behingoan ahaztuko, baina horreetatik be asago doa berak ereindako hazi ugariaren uzta ederra.

Labayru Fundazioak, edozelan be, ondo gogoan jagongo deutso Txomin Bereziartua jaunari esker ona. Bai sorrerako eta aurreko aldi latzetan egindako ahalegin emoitsuagaitik, eta bai geroko urteetan eta oraintsura arte, osasunak iraun deutsan bitartean, aholku, kide eta lagun izan dogulako.

Adolfo Arejita, 2023-03-25

Comentarios ( 0 )

    Deja un comentario

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.