Etnografia atalak

0
Oveja con crotal. Luis Manuel Peña

Oveja con crotal. Luis Manuel Peña. Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Hiriko gizarte moderno eta hiperteknifikatuak handikeriaz begiratzen dio landa-inguruneari, dagoeneko gainditutako etapa batean balego bezala, balio tradizional zaharkituak mantentzen dituzten tokia balitz bezala. Alabaina, gutxi konturatzen dira landa-eremuan egiten den ekoizpen-jarduera, batez ere sistema industrializatu modernoei dagokienean, gizartearen aurrea dela; han egiten direla norbanakoen kontrolarekin eta ekoizpena maximizatzearekin lotutako “esperimentuak”, eta gero, lehenago edo geroago, gizarteetan aplikatzen direla.

Jar ditzagun adibide batzuk. Gremio horretako animalia guztiak, hots, ganadua, kode alfanumerikoen eta askotariko itxura eta ezartzeko moduak dituzten txipen bidez daude identifikatuta. Arkume bat edo txekor bat jaiotzen denetik, kontrol-segida bat hasten da, horiek berez hiltzen diren arte edo hiltzen dituzten arte iraungo duena, baita geroago ere. Funtzionario eta ikuskari multzo batek haien mugimendu guztiak egiaztatzen dituzte eta burokrazia izugarria sortzen dute. Hala, behi bati buruz gauza asko jakin ditzakete: noiz jaio zen, noren alaba den, nor den haren jabea, zenbat ukuilutatik igaro den, hura garraiatzeko beharrezko paper guztiak ongi beteta dauden, zenbat kume izan dituen, zenbat esne eman duen, gaixotasunik izan duen, zer medikamentu eman dioten, zer jan duen eta eman dioten pentsuaren osaera eta lote-zenbakia zein diren, bai eta hiltegira eraman duen kamioiaren matrikula zein den ere. Abereak hiltzeko paper eta kontrol asko egin behar dira, eta, hil ondoren ere, jarraipen burokratikoak datu gehiago sortzen ditu, sagardotegian txuletoia jaten duzun arte.

Collar de reconocimiento para el robot de ordeño. Luis Manuel Peña

Collar de reconocimiento para el robot de ordeño. Luis Manuel Peña. Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Behia jezten duen robotak haren pisua kalkulatzen du eta jabeari esaten dio, argaltzen ari den jakin dezan. Era berean, abereak podometro bat darama, egunero egiten dituen pausoak erregistratzeko. Jabeak badakienez batez beste zenbat ibiltzen den behia, gutxi ibili bada gaixo dago, eta asko ibili bada, berriz, susara. Orduan, jabeak behia ernaltzeko zer semen erabili aukera dezake, nahieran. Horretarako, datu-base informatiko batera sartzen da, eta hor, behiaren ezaugarri morfologiko eta produktiboetan oinarrituta, datu-base horretan dagoen edozein zezenen ezaugarri genetikoekin gurutzatu dezake; hala, abeltzainaren hobetze-itxaropena lortzeko semen egokiena zein den kalkulatuko du programak.

Azken moda GPSak dira, zeinak, paradoxikoki, mendian «aske» dabiltzan behiak kontrolatzen dituzten, haien mugimenduak ezagutzeko. Baina hori ezohikoa da; izan ere, gaur egun, ekoizpen-kateen mende dauden animalia gehienek industria-nabeetan esklabo bihurtuta pasatzen dute beren bizitza osoa. Harrigarria den arren, horrekin batera animalien ongizatearen kontzeptua sortu da eta beste funtzionario-talde bat arduratzen da hori kontrolatzeaz, eta burokrazia gehiago sortzeaz. Beraz, hiri batean bizi bazara eta hau irakurtzen ari bazara, begiratu iezaiozu berriz landa-inguruneari, industrializatuari, behinik behin, beste begi batzuekin, oraingoan, eta ikusi zer datorkizun gainera.

A, ñabardura garrantzitsu bat ahaztu zait: animaliek askatasun-sena mantentzen dute eta adorez egiten digute aurka identifikatzeko txipa jarri nahi diegunean; zu, aldiz, borondatez onartzeaz gain, trukean zenbateko ederra ordaintzeko prest zaude, eta poltsikoan daramazu, harrotasunez: smartphone deitzen da.

Luis Manuel Peña – Etnografía Arloa – Labayru Fundazioa


Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~