Etnografia atalak

0
Juan Oleaga, herrador. Maruri-Jatabe (Bizkaia), 1999. Mikel Martínez

Juan Oleaga, ferratzailea. Maruri-Jatabe (Bizkaia), 1999. Mikel Martínez. Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Errementariei buruz dudan lehenengo oroitzapena txikia nintzenekoa da. Bederatzi edo hamar urte izango nituen, gehienez ere, eta, larunbat goizez, nire amak mandatu bitxi bat egin zidan: auzoko bati behi bat errementariarengana eramatera lagundu behar nion, nire jaioterri Urdulizetik (Bizkaia) bederatzi kilometrora dagoen herri batera, Jatabera. Nire eginkizuna erraza zen: haien atzetik joatea eta aberea makilaz akuilatzea, gelditzen bazen edo aurrera egin nahi ez bazuen. Txango moduan hasi zen, egindako mesedearen ordainetan emandako gaileta-pakete txiki bat eta guzti, baina lanaldi amaiezin eta nekagarria bihurtu zen.

Zubiaurre baserrira heldu arteko ibilaldia amaiezina egin zitzaidan; baina, gainera, ferratokira (perratokia) heldu ginenean, luze itxaron behar izan genion gure txandari, zenbait abelburu baitzeuden (idiak, gehienak) Juan Oleagak apatxak konpondu eta ferra (perra) berriak jarri zain; Oleagaren hitzetan, «zapata berriak» jartzen zizkien. Zain ginen bitartean, elkargune horretan bildutako gizonek berriketaldi bizia izan zuten, eguneroko gaiei buruz: tokiko zurrumurruak, abereak, uzta, eguraldia… Behia ferratu ondoren, elkarrizketa tabernara igaro eta zenbait orduz luzatu zen; hala, bederatzi urteko neskato harentzat, bazirudien eguna ez zela inoiz amaituko.

Une horretan, nola pentsatuko nuen ba urte asko geroago, 1999an, Labayrurentzat Euskalerriko Atlas Etnografikoan lanean ari nintzela, toki berera itzuliko nintzela Juan elkarrizketatzera. Oroitzapenak gainezka nituen buruan, ferratokia eta giroa urte asko lehenago bizi izandakoen berdin-berdinak baitziren.

Cosido de la herradura. Maruri-Jatabe (Bizkaia), 1999

Cosido de la herradura. Maruri-Jatabe (Bizkaia), 1999. Mikel Martínez. Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Zenbait orduz elkarrizketa egiten eta behatzen egon ondoren, ferratzeko prozesuaren inguruko informazioa jaso nuen. Jarraian azalduko dut. Hasteko, aberea gindax edo untegian (auntegia) sartu eta larruzko lokarri zabalen bidez lotu behar da. Gero, idia edo behia pixka bat altxatu behar da, aurreko hankak esekita gera daitezen, eta atzeko hankak immobilizatu behar dira, ferratzailea lanean ari dela abereak ostikadarik eman ez dezan. Landuko den hanka egurrezko koska batera lotu behar da, apatxa jarrera egokian gera dadin.

Aberea lotu ondoren, benetako ferratze-lana hasten da. Lehenik eta behin, iltze eta ferra zaharrak kendu, apatxa zaku baten ehunaz garbitu eta ertza ebakitzen da, kanpoaldetik, ebakigailua erabiliz. Gero, pujabantarekin apatxaren azpia eta tarteko irekidura gastatu eta arraspaz limatzen dira. Jarraian, ferra probatzen da, tamainara egokitzeko; horretarako, behar izanez gero, ingudean moldatu edo zerroteaz moztu daiteke. Eskuarki, zenbait proba egiten dira, ferra guztiz bat datorrela egiaztatu arte.

Hurrengo pausoa ferra iltzez jostea da. Ferraren zuloetatik sartu eta mailuaz iltzatzen dira. Apatxaren tamainaren arabera, 4, 5 edo 6 iltze erabiliko dira. Goiko aldetik sobratzen dena tolestu eta kurrikekin mozten da. Amaitzeko, iltzeak limatu eta ferratutako apatxari olio errea ematen zaio brotxa batekin. Prozesua lau hanketan egingo da.


Kasualitatearen indarrez, ia hogei urte geroago, 2017an, Laukizko (Bizkaia) udalarentzako bideo bat grabatzen ari ginela, beste ferratzaile batekin egin nuen topo, Josean Olearekin, hain zuzen ere. Egiaztatu genuenez, ferratzeko prozesua deskribatutako berbera da gaur egun, XXI. mendean gauden arren. Desberdintasun bakarra da Josean baserriz baserri joaten dela bere kamioian, gindax eramangarriarekin. Gaur egun, zaldiei eta probetan lehiatzen diren idiei soilik jartzen zaizkie ferrak, baina, hala ere, bizimodua atera dezake ofizio horrekin.

Akaitze Kamiruaga – Herri Ondarea Arloa – Labayru Fundazioa


Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~