Etnografia atalak

0

Sanmarkos-opilen bedeinkazioa. Irun, 1998. Argazki-egilea: Antxon Aguirre.

Kultura tradizionalean, hainbat esparru hartzen edo biltzen ditu ohitura honek, hala nola guraso-harremanak (beren betebehar eta elkarreraginak), adin-kategoria desberdinen artekoekin zabaltzeko harreman-bideak, erlijio-sinesmenak eta gizarte-protokoloak, ikuspuntu zikliko-gastronomikoak edota ohiturazko zuzenbidearen elementuak. Izan ere, bataioko aitabitxi-amabitxi edo aita-ama pontekoek konpromisoa zuten seme-alaba besoetako edo pontekoei ogi berezia oparitzeko urtez-urte Pazkoz (batzuetan, ezkondu edo kontsakratu arte). Opil hori hamaikatxo izenez ezagutu ohi da: karapaixoa (Debagoienan eta Aramaion), garapaua (Elgetan), adar-opila (Bidasoan), aitatxi-amatxi opila (Baztanen), morrodoa (Garazin), morrokotea edo mokotsa (Arratian, Durangaldean eta Busturialdean)… Eta, San Markos egunez (apirilaren 25ean), landak bedeinkatzen ziran hain jai seinalatuan, sanmarkos-opila (Bidasoan eta Oarsoaldean) deritzon almendrazko bizkotxoa zen amabitxien ohiko oparia.

Areatzako mokotsak. Argazki-egilea: Josu Larrinaga Zugadi.

Aitabitxi-amabitxiek duten arduraren (borondatezkoa edo adostua) oroigarria da, gogorarazteko premialdian (heriotza, migrazioa, utzikeria edo gurasoen behar ekonomikoa) zaindu egingo dituztela beren besoetakoak, haientzat erreferentzia eta eredu izaten ahaleginduko direla, irakaspen moral eta hezigarriak emango dizkietela eta hurkoak izango direla, hurbilekoak (antzekotasun fisikoaren edo bizipen-jarreraren arabera, norako batekoak kredoa esan zenetik eta bataio-gatza eman eta hartu zenetik…). Gure testuinguruan, amabitxiak ziren (Pazko Berpizkundetik San Markos egunera) etxean egindako opil triangeluarra oparitzen zutenak, arrautza osoekin eta txorizoekin osatua edo apaindua. Jende aberatsaren opilak nabarragoak izaten ziren, eta familia apalek, aldiz, xumetasunera jotzen zuten. Gaur egun, hor-hor dabiltza, elkarren lehian, betiko pazko-opilak eta horien bertsio gozoa. Gure artean sustrai sakonak eta hedadura zabala izan duen tradizio gastronomikoa dugu. Eta, Europako zati handi batean, txokolatezko pazko-arrautza dotoreak trukatzen dituzte oraindik ere askok eta askok. Parekoak dira izatez Euskal Herrian ezagutzen ditugun egunotako ogi eta jaki erritualak: arrautza osagarritzat duen pazko-opila (dela gazia, dela gozoa) eta amabitxiek opari egiten duten sanmarkos-tarta.

Pazko-apaingarria Hungarian. Argazki-egilea: Josu Larrinaga Zugadi.

Horien zergatia eta zabalkundea Garizuma-denborako nahitaezko abstinentzia zorrotzean oinarritzen da, debekuz kontsumitu ezin ziren haragikiak, esnekiak eta arrautzak pilatu egiten zirelako etxeetako jaki-tokietan. Gainera, eta modu sinbolikoan, udaberriko biziberritzearekin lotzen da arrautza; Jesusen berpizkundearekin, kristau-munduan. Mendebaldeko Europan zehar hedatzen da pazko-arrautzaren ohitura: Berpizkunde-iganderako prestatzen dira, osorik (gordinik edo egosita) edo hutsik, eta kolore anitzez txukundu eta margotu ohi dira, semebitxi-alababitxiei oparitzeko, erlijio-ospakizunean eskaintzeko edo kulturako eraikinaren inguruko zuhaitzetan zintzilikatzeko.

Aitabitxi-amabitxiek besoetakoei egiten dioten oparia bat dator udaberriaren hasierarekin, Pazko Berpizkundeko lasaitasunarekin eta maiatzeko ziklo zainduarekin. Eta, motibazio desberdina duten arren, kontuan hartu beharra ditugu urtean opatzen diren beste antzeko jateko batzuk ere. Oparoak dira Errege-eguneko, sanblasetako, eta Inauterietako (antzara-jokoetako saritzat) piper-opil eta olatak; baita Domu Santuetako eskaintzak, apaizei jaiegunez egindako esku-erakutsiak eta nesken oparitxoa ere (bi aldaerak) Sakanako Zortziko ezagunak eta Durangaldeko tradiziozko Erregelak dantzatzera gonbidatzen zituzten gazteei.

 

Josu Larrinaga Zugadi – Soziologoa

Itzulpena: Jaione Bilbao – Etnografia Arloa – Labayru Fundazioa

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~