Aizkora: “zura eta kidekoak ebakitzeko erabiltzen den lanabesa, burdinazko xafla lau, aho-zorrotz eta begidun batez, eta begian finkatzen den zurezko kirten batez osatua.” Horixe biltzen du Euskaltzaindiaren hiztegiak. Definizio honek tresnaren funtzio teknikoa deskribatzen du, baina aizkoraren atzean askoz ere mundu zabalagoa dago, kultura, lanbide eta kirol alorretan sakon errotuta.
Aizkora ez da soilik zuhaitzak mozteko tresna bat; lana, izaera, kirola, aisialdia eta aldaketa uztartzen dituen elementu bat da. Baina aizkoraz hitz egiten dugunean, ezinbestean basoez eta bertan gertatzen den ekosistemaz hitz egin behar dugu. Basoa zuhaitz mota ezberdinez, animaliez, landarez eta bestelako osagaiez osatutako ekosistema da, non gizakiak antzina-antzinatik parte hartu duen. Irudika dezagun XVI. mendeko baso bat: ikazkin bat lanean, txorien txio artean aizkorakada bakoitzarekin basoa doinuz betez.
Begi-bistan dago gure paisaiari erreparatze hutsarekin, zenbaterainokoa izan den ikazkinen eragina. Basoetan garatutako lana, nahiz eta gizartean behe-mailan kokatzen ziren ikazkinak izan, paisaiaren eta ondare naturalaren garapenean erabakigarria izan da. Zuhaitzak lepatzen zituzten —hau da, adarrak mozten eta forma egokia ematen— eta honek, alde batetik, egurraren kalitatea eta produktibitatea hobetzen zituen, eta bestetik, gure ondare naturalaren eta kulturalaren balioa handitzen joan ziren.
Lepaketa edo “trasmoche” izeneko jarduera hau, basoa moldatzeko eta ustiatzeko teknika bat izan da. Prozesu honetan, zuhaitzaren adarrak moztu eta forma berezia ematen zaio. Lepaketa irailetik martxora arteko ilbeheretan egiten zen, inoiz ez martxotik ekainera bitartean, ziklo naturalak errespetatuz. Ikazkinek, basoko egurra moztu eta ikatz bihurtzen zuten, erregai garrantzitsu bihurtuz. Ikatza denbora luzez erregai nagusia izan zen eta horrek garrantzi handia ematen zion ikazkinen lanari.
Ikazkinek aizkora erabiltzen zuten egurra lantzeko eta zuhaitzak mozteko. Lan honetan, gazteenak eta indartsuenak zuhaitzak mozteko arduratzen ziren, eta zaharragoak edo ahulagoak adarrak eta azalak kendu eta egur txikiak egiten zituzten. Jarduera hau basoan bertan egiten zen, herrira jaistea zaila zelako. Baina ikazkinen lana ez zen soilik lan mekaniko hutsa; nolabaiteko lehia ere bazen taldeen artean, eta basoko lanak plazara eraman zituen, desafioak eta apustuak eginez.
Denborarekin, basoko jarduerak aldaketa handiak izan ditu, eta horren ondorioz, ikazkinaren figura ia desagertu egin da. Gaur egun, ikatza ez da lehen bezain beharrezkoa, eta horrek basoaren ustiapen ereduan aldaketa handiak ekarri ditu. Hala ere, aizkolariaren figura bizirik iraun du eta izaera berria hartu du. Basoko lan izatetik, plazako kirol jarduera izatera pasatu da. Aizkolariak, jada, ez dira basoko jantzi zaharrekin aritzen; gaur egun, plazan jende ugari biltzen duen kirol ikuskizun bihurtu da, eta aizkolariak arropa txukun eta zuriak erabiltzen dituzte, jatorriaren beraren antitesia bihurtuz. Honenbestez, aizkolariaren jarduna lan izatetik kirol izatera igaro da. Eta aizkora, lanabes soil bat izatetik, kirol tresna bihurtu da. Trantsizio horretan, aizkora bera izan da protagonista, eta baita aizkoragileak ere, lanabes honen eboluzioan eta moldaketan zeregin garrantzitsua izan dutenak.
Aizkoraren bilakaera, euskal gizartearen bilakaeraren ispilu da. Antzinako basoetan eta lanbideetan errotuta zegoen aizkora, gaur egun, kirolaren eta kulturaren sinbolo bihurtu da. Beraz, aizkora ez da soilik tresna bat; historia, lanbide eta kirolaren arteko harreman sakonaren sinboloa da, eta gure ondarearen parte garrantzitsua. Aizkolariak, aizkora eta aizkoragileak elkarrekin, tradizio eta berrikuntzaren arteko zubia eraiki dute, euskal kulturaren muinean sakonki errotuta dagoen zubia.
Ametz Gurrutxaga