Etnografia atalak

0

Luis Manuel Peña. Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Bizkaian, sagarrondoak aspaldi-aspalditik landu izan dira, eta horrexegatik dago hainbeste sagar mota gure artean, jatekoak zein sagardoa egitekoak. Orain arteko landa-lanetan jasotako batzuk aipatzearren: kana-sagarra, sanjuan-sagarra, sanpedro-sagarra, santiago-sagarra, sanbartolome-sagarra, urdin sagarra, gaza sagarra, erreinetea, txarbea, papu gorria, madari-sagarra, limoi-sagarra, menbrilu-sagarra, bost kantoia, sagar gorria

Fruta-arbola hori Bizkaiko klima hezera eginda dago, eta bere fruituek negu osoa ez ezik udaberrira arte irauten dute usteldu gabe, ganbaretan modu egokian gordeta. Adibiderako urtebete izenez ezagutzen dena aipatu daiteke.

Luis Manuel Peña. Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Sagarrak preziatuak izan dira, bai gordinik jateko, bai erreta, bai konpota edo marmelada eginda. Hain garrantzitsuak izan ziren eguneroko jakien artean, ezen sagar erreak ‘pobreen gainerakoak’ zirela esaten zen, lapikokoaren osteko jateko sendoa.

Aurreko mendeetan, sagardoa ere oso estimu handian izan zuten. Etxerako egiten zen edaria dogu, baita kanpoan saltzekoa ere. Lotura estua izan zuen baleontzi eta bakailaontziekin; arrantzaleek, itsasoan zeudenean, sagardoa edaten zutelako, eskorbutorik ez harrapatzeko. Eta Bizkaiko Enkarterriko Foru Zaharrean heriotzarekin zigortzen zuten inoren upela guztiz husten zuena, hori ere sagardoaren garrantziaren adierazgarri.

Nekazaritzak izan zuen gainbehera sagardoarentzat ere momentu latza izan zen. Baina azkenaldian gorakada nabarmena izan du, sagardoak berak estimazio handia duelako eta ekoizpen industrialari erantzuteko sagar mota hobeak aukeratu direlako. Hala eta guztiz, zoritxarrez, barietate asko galdu dira bidean.

Luis Manuel Peña. Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Gaur egun, sagarrik gehienak ohiko ezaugarrien arabera saltzen dira: tamaina berdintsua eta itxura ona izatea da inportanteena, zaporea kontuan hartu gabe. Horrez gainera, urteko edozein sasoitan lortu daitezke, urruneko herrialdeetatik ekarri edo hozkailuetan freskotan kontserbatzen direlako. Hala ere, modu tradizionalean ekoiztu eta herrietako plazetan saltzen direnek ere harrera ona izaten dute.

Zuztar sakonak izan ditu fruta honek Bizkaian, toponimian eta abizenetan utzi dituen arrasto ugariek erakusten digutenez: Sagasti, Sardui, Sagardoi, Sagarminaga, Sagarzazu, Sagarna, Sagarraga…

Gure baserritarrek oraindik ere gogoratzen dituzte lehen erabiltzen ziren lan egiteko moduak, egungo ikuspegi agroekologikotik hain interesgarriak direnak: sagastietan artaldeak bazkatzea; edo berez hazten ziren sagarrondoen txirpiak etxekoetan txertatzea, izurriteen kontra askoz ere gogorragoak zirelako.

Amaitzeko, baserrietako ganbaretan negurako bilduta dauden sagarrek duten usain gozoa ekarriko dugu gogora.

Herri Ondarea Arloa – Labayru Fundazioa


 

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~