Etnografia atalak

0

Elias Arostegi anguletan Butroen.

Ez dut gogoratzen noiz jan nituen azken aldiz angulak! Urte asko joan dira, bai horixe! Orain, horretaz pentsatzen hasi naizenean, haurtzaroko oroitzapenak etorri zaizkit. Eskolarako bidean autoak ikusten genituen (Seat 600, 127, 850, R-5, gaur egungoen aldean txiki-txikiak) errepidetik pasatzen. Makila luze eta galbahe handiak eroaten zituzten kotxe gaineko parriletan; eta beste batzuetan, beste barik, leihatiletatik irteten ziren. Butroe ibaia eta Plentziako itsasadarra elkartzen diren tokira anguletan joandakoak ziren.

Angulak ohikoak izan dira Gabon-gaueko afarian. Izan dira eta orain ere badira, baina hain produktu berezia eta garestia izanik, ez dago guztien eskura. Horregatik, orain hamarkada batzuk, jende asko anguletan joaten zen, gero saldu eta diru apur bat irabazteko. Beste batzuk, ostera, noizean behin baino ez ziren joaten, eta etxean jaten zituzten.

Angulen sasoia, eguraldiaren arabera, urriaren amaieran edo azaroan hasten da; izan ere, informatzaileek diotenez, angulari uriolak eta ur lohiak gustatzen zaizkio. Edozelan ere, hilabeterik onenak urtarrila eta otsaila izaten dira. Denboraren arabera, arrantza udaberri osoan luzatu daiteke, baina maiatzean tamaina murrizten hasten da eta denboraldia amaitutzat ematen da.

Angulak ur ertzetik atrapetan dira, beti gauez, marea igotzen denean. Horretarako hiru tresna behar ditugu: farola (gaur egun bateriadun fokoa edo linterna), galbahea eta baldea. Eta, jakina, arropa eta oinetako egokiak. Farola eskegiteko, egurrezko urkulua eramaten zuten, baina urtero aldatu beharra zegoen, hezetasunarekin usteldu egiten zelako. Gaur egun metalezko euskarria erabiltzen dute.

Ohiko arrantza modua sano sinplea da: argia ur ertzean jarri eta galbahea behin eta berriro uretan sartzen da korrontearen kontra. Egunaren arabera, pasada bakoitzean lor daitekeen angula kopurua oso desberdina izan daiteke: 4-5, 15-20, zortea izanez gero 40-50; baina ohikoena galbahea erabat hutsik ateratzea izaten da. Nolanahi ere, aldi bakoitzean lortutakoa baldera husten da. Badirudi gaur egun lehen baino urriago dagoela, eta 100 gramo lortzeko, ordu asko eman behar dira.

Garai batean, hartutako angula gehienak Negurin edo Mungia inguruan saltzen zituzten, eta oso estimatuak ziren Gabon inguruan. Horregatik, jende asko gauez joaten zen anguletan, eta gero lo egin barik lantegira edo tailerrera. Baina horri esker, aparteko soldatatxoa ateratzen zuten.

Saltzeko, lehenik, tabakoarekin hiltzen ziren, ura eta tabakoa nahastuta (tabako xehatua, puru zati bat edo zigarro pare bat). Orain gatzarekin ere hiltzen dituzte, baina tabakoarekin hilez gero itxura hobea dutela diote, gatzarekin bihurritu egiten baitira. Gero uretan egosi gatz apur batekin, eta denbora batez uretan utzi, askatzen duten mokilloa errazago kentzeko. Bi-hiru biderrez uretatik pasatu eta azkenean izara baten gainean ipintzen zituzten hoztu eta sikatu zitezen.

Angulak betiko eran prestatzea oso erraza da eta bost minututan prest daude. Lau osagai behar ditugu: berakatzak, olioa, piperminak eta angulak; baina hortik aurrera, bakoitzak prestatu dezala, gehien gustatzen zaion modura. Baten batek arean soberan izanez gero, deitu beldur barik. Pozarren lagunduko diot angulak jaten!

 

Akaitze Kamiruaga

Herri Ondare Atala – Labayru Fundazioa

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~