Etnografia atalak

0

Eskolunbeko bolatokia. Kuartango (Araba). Egilea: Bea Gallego.

Aspertzea ona dela diote, gure garunak eskertzen duela, aukera ematen digulako hausnartzeko, gure ideiak antolatzeko eta gure benetako premiekin konektatzeko.

Egia izango da, bada, aspertzea ona dela. Baina, kulturaren ikuspegitik, txanponaren beste aldea da interesgarria, hau da, nola entretenitzen garen asperraldia saihesteko. Segur aski, ez da premia hutsa soilik egongo belaunaldiz belaunaldi arlo profesionalean eta etxeetan aurki ditzakegun material guztietako (ehuna, zura, metala, larrua, harria, landare-zuntza, etab.) artisautza tradizionaleko pieza ederren atzean; aitzitik, ordu luzez euria, neguko iluntasuna eta artalde otzanen ikuskapena jasateak ere eragingo zuen halakoak sortzea. Eta, jakina, ez ditugu ahaztu behar ahozkotasunarekin, musikarekin eta dantzarekin lotutako beste sorkuntza batzuk, zeinetan ez baitira beti elementu ukigarriak egoten.

Joko tradizionaletan, hala alderdi materialak nola immaterialak aurki ditzakegu, eta nolabaiteko kontrastea dago elementurik agerikoenen sinpletasunaren (pilota bat, makila batzuk, lurrean edo horman markatutako lerro batzuk, etab.) eta jokoaren askotariko arau konplexuen artean. Hala, antzina landa-inguruneko joko sinpletzat jotzen zirenak, denborarekin, araudi landuak dituzten kirol bilakatu dira; horixe gertatu da, besteak beste, dauden pilota modalitate guztiekin eta herri kirolekin.

Eta egoera bera aurkitzen dugu Arabako lurraldean oso ohikoa den bola-jokoan. Funtsean, xedea da zurezko pieza esferiko bat (bola) jaurti eta bolatoki edo bolaleku izeneko gune batean modu zehatz batean kokatuta dauden ahalik eta zurezko pieza gehien (txirloak) botatzea. Oinarrizko printzipio horretan oinarrituta, modalitate bakoitzean (arabarra, salineroa, calva, palma, toka, hiru oholtzar, hirutxirlo…) araudi jakin bat dago piezen tamainari, pisuari eta kopuruari dagokienez, baita puntuazioari eta zigorrei dagokienez ere, besteak beste.

Santa Eulalia. Kuartango (Araba). Egilea: Bea Gallego.

Gaur egun, ez dira kontserbatu Arabako herrietan egon diren bolatoki guztiak, eta jaurtiketak ez dira ohikoak izaten mantentzen diren guztietan. Herritar gutxi izateak, itxuraz sofistikatuagoak eta mediatikoagoak diren beste kirol-diziplina batzuekiko lehiak, jokatzen hasteko adinak mugatzen dituzten araudiek, eta abarrek nabarmen zailtzen dute identitate-balio handia duen elementu honek aurrera egitea. Hain zuzen, zenbait arrazoik ematen diote identitate-balio hori: esaterako, oso lotuta dago beste ondare-elementu arkitektoniko eta immaterial batzuekin (bolatokiak egokitzeko auzolana, elkarrekin jatea, ahozkotasuna, etab.), eta komunitate bateko kide izatearen sentimendua sortzen du, tokiko lehiaz harago.

Oraindik ere, antzinako oihartzuna iristen zaigu bola ohol gainean biraka ari denean edo hartatik irteten denean, oholek talka egiten dutenean, txirloa erortzen denean, jaurti ondoren entzuten den zurrumurruan eta txaloan. Nolabait, orainarekin konektatzen gaitu, iraganarekin lotzen eta etorkizunera bideratzen gaituen bitartean. Horrexegatik, XXI. mendearen lehen laurden honetan, herrien arteko norgehiagokak egin dira, partidak sartu dira erromeria jakin batzuetan, eta herriko jaietan tokiko aldaera erakusteko saioak antolatu dira, eta horrek guztiak jarraitzaileak mobilizatu ditu. Eta hori oso txalogarria eta beharrezkoa da geure kulturaren berezkoak diren elementuok ez daitezen galdu itxuraz ahalguztiduna (eta, azken batean, aspergarria) den globalizazioaren pilotak jota.

Beatriz Gallego – Labrit Ondarea

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~