Berriki, zenbait omenaldi egin zaizkie, antzina, garbilekuetan, beren eguneroko zereginetako batean ziharduten emakumeei. Zalduendo eta Argomaizeko ekimenek gogora ekarri digute zer latza zen bizimodua orain dela hamarkada gutxi arte. Baina, gainera, gune biziro femeninoak zirenez gero (gizonen presentzia hutsaren hurrengoa zen horietan), haien ekarpena, batez ere, hiru aldiz ezkutatutako lanen balioa aitortzea da. Izan ere, ezkutatuak izan dira zaintzaren eremukoak (hau da, etxe barrukoak) izateagatik, emakumeek egiteagatik eta landa-eremuan hiriguneetan baino luzeago iraun izanagatik.
Omenaldi horiek garbilekuak “itzuli” dizkiote auzoko bizimoduari, eta testuingurua eman diete, halako tokiek herriaren eguneroko jardunean funtsezkoak ziren garaitik zeharo aldatu den gizartean. Eta hori garrantzitsua da. Izan ere, eraikin haietako asko oso txikiak izan arren, edo oso herri txikietan egon arren, garbilekuak oroimen-guneak dira, zinez: banakako oroitzapenenak ez ezik, oroimen kolektiboaren bilguneak ere badira, eguneroko bizitzari eta genero-eraikuntzari dagokienez, besteak beste. Hala, lanerako eta belaunaldiz belaunaldi lanbide bakoitzaren ezagutzak eta teknikak transmititzeko guneak izan dira, esparru bat eman diote ahozkotasunaren zenbait adierazpeni (lexikoa, kantuak, atsotitzak…), eta, zalantzarik gabe, ahizpatasun- eta soziabilitate-guneak izan dira, baita herri-kudeaketaren praktiketarako ohiko lekuak ere; auzolanerako, adibidez.
Aurrerapen teknologikoen eta gizartearen aldaketen ondorioz, garbilekuak, eta beste gune publiko-pribatu batzuk (ezkaratza, plazatxoa…), baztertu egin ziren. Alabaina, pertsonen arteko harremanen gertalekuak ordezkatzeko prozesu horrek, zalantzarik gabe logikoa denak, oroimena galtzea eragin dezake. Eta oroimenaren galera hori, hain zuzen ere, zenbait giza talde ikusezin bihurtzearekin zerikusia duten gaiei badagokie, lehenengo urratsa izan daiteke askoz fenomeno konplexu eta arriskutsuago baterantz: ahanztura kolektiborantz.
Erabilgarriak izateari utzi ziotenean, garbileku asko narriatu egin ziren, eta horrek, azkenean, haietako asko eraistea justifikatu zuen. Ondorioz, iruditeria kolektibotik desagertu zen lan- eta soziabilitate-gune femenino bat, emakumeak protagonista bakarrak ziren leku berezi bat. Horregatik, garrantzitsua da aipatutako ekimenen balioa aitortzea, baita beste batzuk sustatzea ere: oroimenezko plakak jartzea, haien hormak erakustoki bihurtzea, baita gune horiei buruzko lekukotasunak biltzea ere, 2020an Trebiñun egin zen bezala. Azken batean, den-denak dira oroimen kolektiboa sustatzeko eta memoriarik ezaren aurka borrokatzeko pilulak.
Bea Gallego − Antropologoa