Etnografia atalak

0

Jose Ereño, Orozkoko artzaina (Bizkaia). Itziar Rotaetxe. Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Jose Ereñok, Orozkoko artzainak, 2020ko ekainaren 26an ere ahotan erabili genuena gaztagintza zela eta, gaztaiokin amaitu eta ardiak mozteari ekiten dio urtero-urtero ekainaren bigarren hamabostaldiaren eta uztailaren lehenengoaren artean. Ordurako, bai Jose, bai beste artzain guztiak Gorbeiara igonda daude. Bertako tenperatura, beheko larreetakoen aldean, baxua denez, ilea moztea ere atzeratu egiten da.

Goizean goiz hasten da, eguna argitu barik oraindo, ondo daki-eta goizeko freskura aprobetxatu ezean, eguzkiak gero gogotik berotuko duela. Hala ere, estalpea dauka altxatuta korralean, pago adar batzuk elkarren gainean gurutzatuta, eguzkitik babesteko.

Artilea mozteak tenperatura aldaketa handia omen dakarkio animaliari, Joseren esanetan. Hori dela eta, lehenengo asteetan adi egon beharra dago, ardiak hoztu ez daitezen. Josek beti ixten izan die hazitako azken ilea moztu barik, babestuago eta beroago egon daitezen. Sekula ez ei zaio gustatu ipurdi-ipurditik moztea, rapera, berak esaten duen moduan.

Gainera, ordena ere jagoten du beharlekuan. Lehenengo-lehenengo, arkazteak ―urtebeteko eta biko bildotsak―  mozten ditu, oraindik umatu ez direnak, edo balderak; eta hurrengo ardi-amak eta jezten direnak. Eta, udaberri honetako axuriak, lau bat hilabetekoak, azkenak izaten dira egiten. Baliteke, horrela egin ezean, ardi-amek kumeak ezagutu ez eta baztertu egitea.

Josek bezperan biltzen ditu txabolaren ondoko korralean, mozteko orduan baraurik egon daitezen, eta hala erosoago daude ardiak, esku artean, alboz, gora adi-eta erabili orduan. Guztiak leku berean itxita egoteak izerditan jartzen ditu, eta horrek ere beharra errazten du. Banan-banan itzalera eramaten ditu, motzaldia eramangarriagoa egiteko.

Ubixetako artzain-saroian ardiak mozten. Gorbeia mendian, 2012ko ekaina. Martzelo Iza. Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Beso batez lepotik eusten dio, beste besoarekin sabeletik, eta bizkarra moztailearen hanken kontra jarriz, ardia behegainean jesartzea lortzen du, hankak airean dituela. Ardiak non zapaldu ez duenez, nahiko geldi egoten da. Lehenik eta behin, lepapea mozten dio, eta tripapea gero. Josek ondo gogoan du horrelaxe hasi zela zeregin horretan aitari laguntzen, hamar urte inguru zituela.

Lau hankak gurutzean lotzen dizkio ardiari, geldi egon dadin. Etzan egiten du alde batetik lehenengo eta bestetik hurrengo, eta ardi-lana oso-osoa era batera ateratzea lortzen du. Josek mototsa ere mozten die, eta ondo zainduta egin ere, gainera. Ardi batetik bestera aldea badago ere, ardi-lana bakoitzak bi-hiru kilo artean pisatzen du, bina edo hiruna kilo lana gutxiago, udako beroari aurre egiteko.

Ardiak moztu bitartean, apatxak arteztu eta hankak osatzen dizkie. Horretarako, kobrezko sulfatoa, lixiba eta gatza nahastean dituen bainuontzi baten sartuarazten ditu.

Antzina, artilea zakuetan gordetzen zen, ondoren saltzeko. Laurogeita hamarreko hamarkadan, ardi-artilea kiloko laurogeita hamar bat pezetan saltzen zen, euro bat bi kiloko, gutxi gorabehera. Artzainek eurek ere gordetzen zuten etxean piezaren bat edo beste lokarriak, trailak, galtzerdiak-eta egiteko. Eta ez dauka ahazteko urteren baten inork eskatu ez eta erre egin behar izan zituztela.

Artzainek elkarri laguntzen zioten ile-mozketan. Eta, lana bukatzean, artaldearen jabeak, esker onez, jatordu on bat ematen zien laguntzen joaten zirenei. Ondo ospatzeko aitzakia ezin hobea, bai horixe!

 

 

Itziar Rotaetxe

Departamento Herri Ondarea – Labayru Fundazioa

 

Informazio gehiago nahi izanez gero, Euskal Herriko Atlas Etnografikoaren Abeltzaintza eta Artzaintza liburukia kontsulta daiteke.

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~