Etnografia atalak

0

Zamacona okindegiak egindako guardia zibilak. Egilea: Jon Urutxurtu.

Iaz arte guardia zibil bat jateko gogoa zuenak Areatza/Villarora hurbiltzea baino ez zuen. Jakina, ez zuen dastatuko txapelokerra edo trikornioa buruan eta uniforme berdea janzten duten benemeritaren kideetako bat; ez, labetik igaro den bizkotxo zuri bat baino. Izen bitxi horren arrazoia, duten triangelu itxuran aurkitzen da, Guardia Zibilaren txapelokerra gogoratzen baitute.

Tamalez, Areatza/Villaron behintzat, guardia zibilek beraien heriotza-akta sinatu zuten 2023ko uztailaren 31n Zamacona okindegiak bere azken labe-sua egin zuenean, etxe hau izan baita guardia zibilen herriko azken ekoizlea.

Zamacona okindegiak egindako guardia zibilak. Egilea: Jon Urutxurtu.

Bitor Sierra-sesumaga (✟) izan zen 1990era arte AreatzaVillaron guardia zibilak egiteari eutsi ziona, eta, Zeanuriko Ipizki Taldearen deiari erantzunez, sei urte geroago, 1996 berreskuratu zituena. Ondoren, Zamacona okindegiak hartu zuen lekukoa, iaz bere ateak itxi zituen arte.

Guardia zibilen jatorria arakatzeko, XIX. mendearen amaierara jo behar da. Sasoi hartan Areatza Arratiako hiriburua izateaz gain udatiar ugari erakartzen zuen herria zen, ospe handiko bainuetxea baitzegoen eta Gorbeia ere hurbil. Igandero azoka egoten zen eta hileko bigarren larunbatean ganadu-feria; hainbat denda eta zerbitzu aurkitzen zituzten bertan arratiarrek: notarioa, jostunak, zapatagileak, piroteknia, Guardia Zibilaren kuartela eta, nola ez, gozotegiak. 1899an bost konfiteria zeuden herrian: Eladio Izagirrerena, Lukas Zamaconarena, Bixente Ingunzarena, Segundo Galindezena eta Isidro Sierra-sesumagarena, azken hau Bitorren aitona. Gozotegi horietan guztietan egiten ziren hain ospe handia hartu zuten eta Areatza/Villaroko identitate zeinu bihurtu ziren guardia zibilak.

Bitor Sierra-sesumagak bere aitona Isidrok sortutako guardia zibilak egiteari eutsi zion. Egilea: Jon Urutxurtu.

Ondo gogoratzen zituen sasoi haiek Bitor Sierra-sesumagak: “nire aitita Isidro konfiteroa zen, eta malbabiskoa, txokolatea eta beste hainbat gozoki egiteaz gain, kandelak ere egiten zituen. Eta noski, guardia zibilak. Lehenengo paperezko plantxetan bizkotxoa egiten zuen, hauek triangelu eran zatitu eta ondoren arrautzaren zuringoaz eta azukreaz egindako glasean bainatzen zituen; azkenik, labean sartzen ziren berriro”. Isidro aitonaren lanbideari semeak —Bitorren aitak— eman zion jarraipena, baina gerra ostean konfiteriaren negozioak beherakada handia jasan zuen, eta aita hil ostean, gehienbat arrazoi sentimentalengatik, tradizioari eusteagatik eta beti izandako bezeroei erantzuteagatik Bitorrek asteburuetan enkarguko pastelak eta guardia zibilak egiten jarraitu zuen 1990era arte. Sei urtean desagertuta egon ondoren, guardia zibilak berpiztu egin ziren eta iazko udara arte Zamacona okindegiak eman zion jarraipena tradizioari.

Areatza/Villaroko guardia zibilak, Markinako kokoteak, Tolosako teilak, Mendaroko bizkotxoak, Santiaguitoren malbabiskoak, Gernikako oribeltzak, Gasteizko baskitoak eta neskitak, Azpeitiako inazioak… eta antzerako beste hainbat gozoki Euskal Herriko konfiteria tradizionalaren eta autoktonoaren adierazle dira.

Jon Urutxurtu

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~