Etnografia atalak

0

Arimen eguna. Jose Arrueren margoa. Iturria: Felix Mugurutza.

Duela mende erdi bat arteko euskal tradizioetan, Arimen Eguna izan da hildakoei eskainitako egun nagusia eta azaroaren 2an ospatzen zen. Aitzitik, bere bezpera, azaroaren 1a, Domu Santu eguna, elizkizunetara eta ezer gutxi gehiagora mugatzen zen.

Bide batez, beraz, Halloween inportatuaren ospakizuna egiteko hain goraipatua izan den arimen gaua, izatez, azaroaren 1etik 2ra bitarteko gaua da eta ez bere aurrekoa.

Baina… nondik dator nahaste-borraste hau?

Fededunek euren bizitzetarako erreferente eredugarriak izan zitzaten, Elizak VIII. mendean Domu Santu edo Santua guztien eguna sortu zuen. «Santu guztiak», bakar bat ere bazterrean utzi gabe. Horrela, erreferentzia sendoa lortu zen, herri xeheari gida moral gisa balio ziezaion. Seguruenik, horrela ere bereganatuko zituen Elizak aldez aurretiko beste sinesmen herrikoi batzuk, naturaren jardueraren amaierarekin zerikusia luketenak.

Aurrekari horiekin, IX. mendean, eta Aita Santuak aginduta, Domu Santu Egunaren ospakizuna kristautasunaren eremu osora zabaldu zen.

Baina, arrakasta lortu bazen ere, herritar xumeenak ez ziren santuak ohoratzearekin konformatzen, urrunegiko ereduak zirelako. Aitzitik, askoz gehiago kezkatzen ziren “euren defuntuen” patuarekin: aita, arreba, haurra edo zendu berri zen lagun on harena.

Hurbil-hurbilekoen arimak oroitu, ohoratu eta lagundu nahi zituzten, sarritan, euren bizitza akatsez betea izan arren.

Horregatik, Elizak “hurbileko” arbasoei gurtza egiteko bigarren jai bat ezarri behar izan zuen, Arimen edo Defuntuen Eguna, ondoko egunean, azaroaren 2an.

Eta horren eskutik, beste uste bat zabaldu zuten: euren bekatuak zuritu gabe hiltzen zirenen arimek ezin zutela Jaungoikoaren loria lortu eta tarteko estadio batean, Purgatorioan, noraezean ibiliko zirela. Baina soluzio burutsu bat ere gehitu zuten: lurreko bizitzan zeuden fededunek lagun ziezaieketen otoitzak, mezak eta, azken finean, dirua emanez arima haiek betiereko loria lor zezaten.

Argizaiolak Amezketan, 2005. Egilea: Felix Mugurutza.

Lagundu beharreko arima herratuen ideia Clunyko San Odilon monje beneditarrarengandik sortu zen Erdia Aroko milurtekoaren aldaketaren inguruan. Gerora, Erromak bere egin zuen ideia eta XVI. mendean, Trentoko Kontzilioaren bidez, kristautasunaren eremu osora zabaldu zen.

Horren guztiaren ondorioz, gizarteko maila popularrenetan beste uste bat piztu zen: defuntuen gauean hildakoak bizi izandako etxeetara itzultzen zirela eta bizidunen janaldietan ere parte hartzen zutela.

Horregatik, euskal herritarrok, orain dela ez askora arte Arimen Egunean egin ditugun erritualen artean, ohikoa izan da elizetako sepulturetan argizariak piztea, baita etxeetako leihoetan ere, familia horren arbaso zenduak orientatzeko, etxea aurki zezaten. Gauza bera gertatzen zen bidegurutzeekin, gurutzeak ipiniz, bide-buru horietan galdutako arimei laguntzeko. Edo plater bat mahaian jartzeko ohitura, errealitate paraleloan bizi ziren defuntuek mahaia modu sinbolikoan partekatu ahal izan zezaten.

Baina, garaiak aldatu egin ziren eta modernitatea Elizara ere iritsi zen. Horrela, erakunde honek Defuntuen edo Arimen Eguna baliogabetu zuen Vatikanoko II. Kontzilio berritzailean (1963-65). Jaiaren bikoiztasuna gehiegizkotzat jo zen, sortu zeneko helburuak lortuak zituela ulertuta. Beraz, data bi horiek azaroaren 1ean batu egin ziren berriro, Domu Santu egunean, eta, harrezkero, egun berean ohoratzen ditugu batzuetan hain urrun sentitzen ditugun santuak eta baita gure arbaso hurbilenak ere. Bekatari porrokatuak izan baziren arren…

Felix Mugurutza

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~