Etnografia atalak

Apenas bi orduko ibilbidea, 20 km/orduko gehiengo abiaduran, nahikoa zen edozein gizakiren bizitzan funtsezkoak diren bi kontzepturen pertzepzioa aldatzeko: espazioa eta denbora. Historia hau 1899an hasi eta 1964an amaitu zen.

Arriaga antzokitik, alegia Bilboko bihotzetik, Zeanuriraino iristen zen linea elektriko batek bidaiarien eta salgaien garraiobide berri bat elikatzen zuen XX. mendearen hasieran. Bagoiez osatutako errailen gaineko asmakizun honek askotariko paisaiak zeharkatzen zituen. Iraultza industrialak ekarritako tramankulu zoragarri honek bi gizarte garaikide oso desberdin hurbiltzen zituen, mundua begiratzeko kode eta ikuspegi guztiz desberdinekin: bizitza tradizionala eta modernitatea.

Egia esan, hurbileko garai hartan, ez zen teknologia aurreraturik behar, paisaia oso desberdinak ez ezik, bestelako bizimodu batzuekin ere topo egiteko, eta, ondorioz, ofizioa, lana, aisialdia, familia… ulertzeko beste modu batzuekin ere bai. Aski zen Arratiako tranbia hartzea, hogeita hemezortzi kilometro eskaseko bidaian.

Modernitatearekin batera, etorkizun-aukera berriak zabaldu ziren, garai hartako biztanleentzat arrotzak, ikaragarriak edota exotikoak, beharbada. Oraindik globalizazioak ez zuen gure inguruko gizarteen bizitza estandarizatu, eta gertuko eta berehalako harridura, nolabait esateko, edozeinen eskura zegoen.

Lurralde berean ziren espazio jakin horiek aztertzera mugatzen bagara, bizitza tradizionalari dagokionez, bertako paisaiek, formek eta erliebeek beren antzinako inguruneak mantentzen zituzten oraindik ere, nahiz eta aurreko mendearen amaieratik prozesu geldiezin bat hasia zen, bidea eginez joango zena eta, azkenean, eremu horietako asko erabat desitxuratuko zituena. Modernitateari dagokionez, berriz, bizitza publikoak bere urterik ospetsuenak hasiko ditu. Espazio publiko berrien sorkuntzak gertaera garrantzitsuak ziren, harremanetarako aukera berriak zabaltzen baitzituzten. Kaleek paseorako gogoa pizten zuten, bilbotarren zaletasun handienetarikoa; eta plaza, azoka, antzoki, kafe eta era guztietako eraikin berriak topaleku, eztabaida-gune eta produktu zein pertsonen erakustoki izango dira.

Arratiako tranbia ere, produktu modernoa izanik, topaleku bihurtu zen. Harreman-espazio berri honek landa-eremua eta hiritarra ez ezik, ingurune bereko bizilagunak hurbiltzea ere lortu zuen. Tranbia harana zeharkatzen hasi zenean, murriztu egin zen baserrien sakabanatze geografiko tradizionala auzoetan, Euskal Herriko iparraldean ohikoa dena. Mendi-hegal batekoak harremanetan jarri ohi ziren aurrekoekin, izkina batekoekin eta bestekoekin. Tranbiaren erabiltzaileen arteko loturak mota guztietako esperientziak eragin zituen, gure adinekoen testigantzek ondo adierazten duten bezala. Horiek horrela, tranbiaren barruan gizarte-ekintzaren fenomeno berezi bat sortu zen, non mota askotako istorio pertsonalak eta egoera sozialak biltzen ziren. Adiskidetasunak, maitasunak, negozioek, tratuek, haserreek…, guztiek zuten lekua tranbiaren barruan. Ez da harritzekoa, beraz, Arratiako tranbiaren oroitzapen goxoa.

Gerra zibiletik aurrera, gainbeheran sartu zen tranbia. Lehentasunak beste batzuk ziren, eta tranbia elektrikoari eustea ez zen horietako bat, mantentze-kostu handia baitzuen. Autobus batek ordezkatu zuen, elkarren arteko erlazioa errazten ez zuen banakako eserlekuz hornitua, eta tranbiaren magia desagertu egin zen.

Harrigarria da ikustea azken hamarkadetan sortutako espazio publiko asko soziologian ‘ezlekuak’ deritzenak bihurtu direla, non pertsonen arteko komunikazioa desagertua den. Batzuk igarobideak dira, hala nola aireportuak, metroak, estazioak; baina badirudi tradizioz elkargune izan diren beste hainbat ere ezleku bilakatu direla, soziologoek bizi ditugun garaien zeinu gisa identifikatu duten indibidualizazio-prozesuaren adierazle.

Antzasti – Euskaldunon etxea

Argazkiak: Juanjo Olaizolaren kortesia.


 

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~