Arratiako tranbiari dedikatutako aurreko artikuluan [Ikus Arratiako tranbia: bizitza tradizionaletik modernitaterako bidaia (2)], Bizkaiko iraultza industrialaren garaian gure inguruan ziren espazio desberdinetan jarri genuen arreta —tradizionalak izan, modernoak ala eraldaketa handien mende egon—, garai hartako testuinguru sozialaren eta bizimoduaren alderdi nabarmenenak azaleratzeko asmoz. Horri esker, Arratiako tranbiaren barruan bizi izan zen giroa islatu eta horren erretratu labur bat egin ahal izan genuen.
Oraingo honetan, denboraren kontzeptuari erreparatu nahi diogu: espazio hain bestelako horiek okupatzen zituzten biztanleen arteko denboraren pertzepzio sozial eta partikularrei, hain zuzen. Jakina da denboraren kontzeptua ikasi egiten dela, antolatzen den forma espezifikoetan, eta ikasketa horretan hainbat sozializazio-prozesuk esku hartzen dutela, gizarte bakoitzeko ezaugarriak kontuan hartuta finkatuak. Egun, aste, hilabete, urte, goiz, berandu, berri eta zahar nozioek esanahi desberdinak dituzte testuinguru desberdinetan; eta horiek, aldi berean, esperientzia sozial subjektibo zehatz eta desberdinetara eramaten gaituzte.
XX. mendearen hasieran, nekazal munduan oraindik ere gertaera naturalekin estu-estu lotuta zegoen denbora, uztek, solstizioek eta urtaroek zehaztua, eta horien inguruko sinesmen eta errituekin lagunduta. Baserriko bizimoduak ez zuen ordutegi zehatzik, eta orduak kontatu beharrean, egunsentitik ilunabarrera arteko denboraz baliatzen ziren. Naturarekiko lotura sendoak erritmoak eta denborak ezartzen zituen, eta baratzeko, ukuiluko, mendiko zein etxeko lanak adierazi ere bai. Egunak luzeagoak edo laburragoak ziren, udako eta neguko solstizioek ezarritako argi-denboraren arabera. Horrek guztiak eguneroko lana eta bizitza baldintzatzen zuen. Iraganean eta tradizioan oinarritzen zen denboraren nozioa zen.
Gizarte moderno berriak beste parametro batzuk ezarri zituen eta denbora neurtzeko eta kontrolatzeko beharra, denbora baliabidetzat hartu baitzuen, administratu beharreko ondasuntzat, ekoizpenaren kontzeptuari bete-betean zeutsala. Bestalde, denbora eta mugimendua oso gertuko terminoak dira, ez da harritzekoa, beraz, garraiobide berrien agerpenak pertzepzio horren aldaketari ere eragitea. Denbora aurrezteak aukera berriak ireki zituen bat-batean.
Izan ere, garai hartako baserritar askok baserritarra sentitzeari eutsiko diote, baina sortzen hasiak ziren enpresa berrietan lanpostu bat aurkituko dute diru-iturri gehigarria lortzeko, besteak beste, baserriaren errenta ordaintzen lagunduko dietenak, normalean ez baitziren horren jabe. Tranbia izango da horretarako erabiliko duten garraiobidea, eta, bertan, ekoizpen-jarraibideen mende zegoen denboraren kontzeptu berriarekin topo egingo dute.
Emakumeak, berriz, tranbia-geltokia zuten udalerrietako azoka guztietara joango dira bendejarekin, bai eta Bilboko Erriberako azokara ere. Orduko Bilbo pil-pilean zegoen, eta dendek katean ekoitzitako tresna ugariz eta baserrian ekoizteko gaitasunik ez zuten beste hainbat produktuz beterik zeuden. Etorkizunera begira zen denbora berria.
Bilbotik Arratia aldera ere etorriko dira bisitariak. Modernitateak modak ekarri eta horiei lotutako kontzeptu berriak erantsi zituen. Kirola izango da horietako bat, eta garaiko Bilbon mendizale taldeak sortzen hasiko dira, Gorbeiaren magaleraino tranbian abiatuko direnak. Bainuak hartzearena beste modako jarduera bat izango da, bai hondartzetan zein bainuetxeetan, eta Areatzan bazen izen handiko bat, bisitariak erakartzen zituena.
Garraiobide berriek, zalantzarik gabe, zabaldu egin zuten pertsonen ekintza-eremua eta, horrekin batera, haien bizi-esperientziak. Garai berriak zerumuga berriak ireki eta denetariko konponbideak, erremedioak eta asmakizunak ekarri zituen, iristear zegoena nolabait iragartzen zutenak.
Argi dago denboraren kontzeptuaren adiera ezberdinek errealitatearen ikuspegi ezberdinen konfigurazioan parte hartzen dutela. Zymunt Bauman ospe handiko soziologoak deskribatu zuen ondoen gure gaurko gizartearen denboraren kontzeptua. ‘Denbora likidoa’, atzamar artetik ihes egiten diguna eta non ezerk irauten ez duen.
Argazkiak: Juanjo Olaizolaren kortesia.