Artzain-kulturaren barruan, horren etnografiaren barruan eta, batez ere, artzain-lanbidearen inguruko artisautzaren barruan, badira aurkezteko beharrik ez duten zenbait tresna eta tresneria; beste batzuei, aldiz, kontrakoa gertatzen zaie, ez ezagutzen ez ditugulako, baizik eta maiz beren izena jakin ez dakigulako. Azken horien artean daude uztaiak, gaztelaniaz canablas edota cañablas deritzotenak.
Abereen lepokoei buruz ari gara. Izan ere, ardiek, ahuntzek, behiek eta zaldiek uztaia daramate lepoaren bueltan, eta zintzarria hantxetik zintzilik, artzainak entzun, antzeman eta koka ditzan. Oharkabean pasatzen dira gehientxoetan uztaiok, horietatik esekitzen diren zintzarri, arran edo ezkilak deigarriagoak baitira. Artzainek berek zurez egindako uztaiak aztertuko ditugu honako lerro hauetan, larruzko uhalak nagusitzen ari direlako pixkanaka-pixkanaka, eta litekeena delako epe labur edo ertainean desagertzea.
Zintzarri edo ardi-ezkila handi samarrak eramateko lepokoak, ikusi ohi diren baino zabalagoak, oraindik ere badaude, han-hor-hemen, etnografia-museoetan edo bilduma partikularren baten. Marrazki eta inskripzio apaingarriak izaten dituzte, artisau-teknikak erabiliz pirograbatuak eta are polikromatuak: inizialak, irudiak, marrazki geometrikoak edota historiaurreko norbaitek haitzuloren batean irudika zitzakeen irudi xumeak.
Uztai bakoitzak, ordea, uste dugun baino eskulan finagoa eta trebetasun handiagoa ezkutatzen ditu. Artzainak —aitarengan pentsatzen dut; izatez Erronkariko artzaina zen, eta haren eskuek ehunka uztai egingo zuten— badaki zer zur den egokia lan-mota horretarako; badaki, halaber, urteko zein unetan moztu behar den zuhaitza, normalean azken ilbetean; badaki zumitzak nola atera, gehienetan gaztainondotik edo pagotik, eta zenbateko lodierara ekarri, ez milimetro bat gehiago, ez milimetro bat gutxiago; badaki hilabete batzuk egin behar dituela zur horrek lastoz estalita, simaurrarekin nahasian ahal dela, uztaitzean hautsi ez dadin; eta, horrez gain, jakin ere badaki pazientzia ikaragarria hartu behar dela, zurezko zumitz bakoitza patxadaz lantzeko, aldez aurretik uretan edo simaurretan izan ondoren, poliki-poliki makotuz, hanka moldetzat hartuta, behar den beste malgutu arte.
Labana edo kristal zahar bat erabiltzen da hurrengo, uztaia guztiz biribiltzeko, bueltan-bueltan, animaliari trabarik egin ez diezaion. Azkenik, hozka edo koska —releches izenekoak— pare bi egiten ditu artzainak labanarekin edo aizto zorrotz batekin zumitzaren muturretan, horiek ahalbidetzen baitute, alanbre baten laguntzaz, uztaia animaliaren lepoari irmo eta seguru lotzea. Arreta berezia jarri behar da, hori bai, alanbrearen itxitura kanpoko aldean gera dadin, uztaia daraman animaliari minik egin ez diezaion.
Dunbak edo zintzarri nagusiak—trucos edo cañones— zintzilikatzeko uztai zabalenak itxitura-sistema desberdina izaten dute, arinagoa ipini eta kentzeko hain zuzen ere. Kontuan hartzekoa da akerkoek eta iraskoek —aker zikiratuek— txandaka eramaten dituztela zintzarritzar horiek batetik besterako lekualdatze luzeetan. Hala bada, uztaiok lotzeko eta askatzeko sistema erraza behar izaten da holakoetan: ezpel-zurez zizelkatutako pieza miresgarriak —tornilleras esaten diete erronkariarrek— erabiltzen dira holakoetan. Kontserbatzen diren horietako batzuk benetako artelanak dira, uztai-zintzarriekin batera multzo dotore eta ederra. Dena dela, aparteko atal bat behar eta merezi dute uztai zabalak estutzeko zurki direlakoak.
Mundu honetakoak zaratots handirik gabe egin dituzten eta ahanzturen kutxan sartu ditugun uztai apalak ekarri nahi izan ditut gogora oraingo honetan.
Fernando Hualde – Etnografoa – Labrit Ondarea
Itzulpena: Jaione Bilbao – Etnografia Arloa – Labayru Fundazioa