Karrantzako bailarako artzainek Ordunteko mendietako muino eta gailurretan bazkatzen zituzten beren artaldeak, eta, haitzuloez eta harpeez baliatzeaz gainera, eraikin txiki batzuk altxatu ohi zituzten, oso antzinatik, eguraldi txarreko gauetan eta otsoaren presentzia zela-eta ardientzat arrisku handia zegoenean babesteko.
XX. mendearen lehen herenaren amaierara arte, landare gaiez egiten zituzten bordak. Haritz edo gaztaina egurrezko palankak edo habeak erabiltzen zituzten haiek eraikitzeko; lurrean finkatutako bi egitura triangeluar eratzen zituzten, bata bestearen parean, eta beste palanka bat pausatzen zuten haien gainean, horizontalean, gailur modura. Parez pareko bi alboak ixteko, zohiak metatu edo ongi tolestu eta elkarrekin lotutako kima edo abarrak jartzen zituzten, betiere ataka edo bitarte txiki bat gera zedin zainduz. Estalkia egiteko, gailurreko habearen alboetan makilak ipintzen zituzten, lurrean finkatuta eta elkarrengandik hurbil-hurbil, tarterik ez geratzeko; eta, makilen gainean, kimak eta hostoak. Azkenik, zohiak, belarra behe aldera zutela, elkarren gainean, barrura urik sar ez zedin. Batzuetan, ardi-gorotza ere gehitzen zuten, txabola iragazgaizteko.
Nolanahi ere, bordarik ohikoena, XX. mendearen 60ko hamarkadan oso aurrera arte eraiki ohi zutena, oin laukizuzeneko eraikin txiki bat izaten zen, 4 m luze eta 2 m zabal, 60 bat cm-ko lodiera zuten harlangaitzezko hormak zituena. Barrura sartzeko, harriz edo egurrez inguratutako tarte txiki bat erabiltzen zuten; 1 m garai eta 80 cm zabal izaten zen sarrera, gutxi gorabehera. Aterik ezean harlauza bat, batzuetan; hurritz-hagak elkarri lotuta egindako bardanasca edo bilbea, beste batzuetan. Bi isurialdekoa zuten estalkia, habe bat hormapikoen gainean gailur modura bermatuz egina. Habearen eta alboetako hormen gainean, gapirioak finkatzen zituzten, eta, haien gainean, teilatua estaltzeko harlauzak. Ez zen oso ohikoa, baina tarteka zohiak erabili izan zituzten teilatuaren estalgarri gisa.
Barruan, gela bakarra izaten zuten: beheko sua txoko batean, eta gelaxka, artzainek lo egiteko. Palanka lodi batek bereizten zituen suaren txokoa eta gelaxka, eta sutondoan esertzeko ere balio zuen. Ohea egiteko hurritzezko makilak jartzen zituzten bi enbor paraleloren gainean; horrela, lurretik zentimetro batzuetara gelditzen zen. Haien gainean, txilar eskutada batzuk, eta, txilarra estaliz, belar motza. Batzuetan, arto-hostoak edo garia jotzetik gelditutako lastoak igotzen zituzten artzainek etxetik, txilarraren gainean jartzeko.
Mendi-magaletan zehar sakabanatuta eta erabili gabe, borda horietako asko hondatzen joan dira. Zutik iraun dutenak, azken hamarkadan Bizkaiko Foru Aldundiaren Mendi Zerbitzuak berreraikitako beste txabola batzuekin batera, Basozainaren bidexkak zeharkatzen duen paisaiaren parte dira; izen hori jasotzen du Ordunteko mendiak gurutzatzen dituen mendi-ibilbideak.
XX. mendeko 90ko hamarkadaren hasieran, Ordunteko mendietan otsoak berriro agertu ondoren, Bizkaiko Foru Aldundiak egurrezko txabolak eraiki zituen mendebaldeko eremuan; txabolek sukaldea, egongela, logela eta komun txiki bat zituzten. Artzainek aldi batez erabili zituzten txabolak, XXI. mendearen hasierara arte; izan ere, garai hartan artaldeekin gailurretara igotzeari utzi zioten, otsoek etengabe egindako erasoen ondorioz. Etxolak erabili gabe geratu ziren, eta, urteen poderioz, hondatu egin ziren, desagertu ziren arte.
Miguel Sabino Díaz – Etniker Bizkaia – Grupos Etniker Euskalerria