Euskal Herrian barrena, bide, pista, bidexka, bidezidor eta galtzada sare oso zabala dago, eta aukera ezin hobea ematen du naturaz gozatzeko, iragana ezagutzeko eta kirola egiteko. Horrela azalduta, publizitate eslogana dirudi, baina, batez ere, horiek erabiltzeari, disfrutatzeari eta ezagutza historikoak erdiesteari gorazarrea da.
Seguruenik, zaila da hain eremu fisiko txikian hainbeste GR (Gran Randonnée), PR (Petit Randonnée), bide berde eta abar dituen beste lekurik aurkitzea. Hala ere, hori ez da beti horrela izan. Ibilbide sare hori bereziki azken 50 urteotan zabaldu da. Bitxia bada ere, merkataritza, industria, abeltzaintza edo erlijio helburuei lotuta iraganean izandako erabileraren emaitza da, besteak beste.
Panelak, piboteak, balizak, zurezko eta metalezko zutoinak, baita zuhaitzetan, harkaitzetan, etxeen fatxadetan, hesietan eta abarretan jarritako kolore eta sinbologia askotako markak eta seinaleak (geziak, zerrendak, zirkuluak…) izaten dira bisitarientzako adierazleak. Edonola ere, jatorrizko ibilbidearen aldaketen, argibide horien higaduraren edo utzikeriaren ondorioz, maiz edo aldian behin, bide horiek erabiltzeari utzi izan zaio.
Ez dut uste egokia denik aniztasun hori sailkapen baten bidez azaltzea hemen, baina mota askotakoak ditugu. Hala, seinaleztapen zaharrenak (plano ofizialean) bat datoz GRekin: batzuetan hainbat egunetako ibilbideak dira, eta gailur enblematikoetara eramaten gaituzte, Bizkaiko golkotik Mediterraneo itsasora zeharkatzen dituzte Pirinioak, edo ardoaren eta arrainaren ibilbidea egiten dute. GR horiek, baita PRek ere (ibilbide zirkular txikiek), elkarrekin bat egiten dute batzuetan, eta, beste batzuetan, bat datoz bidegorriekin (bizikletentzako eta oinezkoentzako bideekin), kultur edo monumentu ondareko bisitekin eta Interpretazio Zentroek gehitutako ibilbideekin.
Kulturaren ikuspegitik, ezinbestean azpimarratu behar dira meatzaritzan erabilitako burdinbideen trazadura zaharretik sortutako bide berdeak, helburu nagusia ganadua larreetara eramatea zuten (eta duten) bide naturalak, gurdibideak eta galtzadak, Erdi Arokoak edo erromatarrak, merkataritza edo lan trukerako baliatuak. Hala ere, ezin dugu alde batera utzi nazioartean boladan dagoen bidea, Donejakue Bidea, bere adar eta aldaerekin. Bide hori, beharbada, diru iturri bihurtu da, kultur dibulgaziorako bitarteko baino gehiago, baina, hala ere, oreka bilatuz gero, dena da posible.
Zerbait aipatu gabe uzteko arriskua ekidite aldera, eta ezagutzen ez dena existitzen ez dela dioen baieztapena alde batera utzita, seinaleztatu gabeko ezin konta ahala igarobide eta bide horiek ditugu, inguruneaz dugun ezagutzari esker erabiltzen ditugunak.
Mendi ibiliak edo trekkinga, bizikleta bideak (btt), ibilera nordikoa (nordic walking) edo zaldiz egiteko bideak, zalantzarik gabe, mugarri izan dira aire zabaleko aisialdian. Horrek guztiak eta ikus-entzunezko didaktikaren bidezko kultur transmisioak formula bikaina osatzen dute tokiko Ondarea zabaltzeko: ondare hori babestea garrantzitsua da ondare hori duen komunitatearentzat berarentzat, baina baita interesatuarentzat ere; aurretik bertan bizi izan zirenentzat, baina baita datozen belaunaldientzat ere.
Emilio Xabier Dueñas – Folklorista eta etnografoa