Bizkaiko Jaurerriaren antolakuntza administratibo eta politikoan elizateak garrantzi handia izan du, baina maila txikiagoko beste erakunde batek ere funtsezko egitekoa izan zuen, batez ere landa-eremuko zenbait lekutan, esate baterako Durangaldean eta Arratian: auzo kofradia da erakunde hori.
Kasu honetan, kofradia terminoak ez dauka esanahi erlijioso edo gremialik; zehatz esanda, auzoko etxe edo familia multzo baten antolakuntza administratiboaz arduratzen den erakundea da, bere helburua beharrizan komunalei erantzun egokia ematea izanik. Udal administraziotik aparteko funtzionamendu-erregimena dauka, baina erabakietako batzuk udal mailan hartu behar izaten dira derrigor. Ziur aski, kofradiak elizateak baino lehenago sortu ziren.
Kofradiak urteroko batzarrak egiten zituzten, eta, bertan zenbait kargu aukeratzen zituzten: maiordomoa, kofradiaren baselizaren inguruko gaiez arduratzen zena: garbitzeaz eta jaieguna antolatzeaz; basazaina edo alkate montazgeroa, batzarretarako deialdiak egiteaz, kofradiaren liburua gordetzeaz eta zenbait lan komunalez arduratzen zena: landare imintzeaz, kofradiaren basoetako ustiapenaz; bidegintzaz edo bideen konponketaz… Beraz, kofradia jatorrizko etxeen —fogeraren edo sutegiaren jabe auzokideak— federazio gisa agertzen da, karguak hautatzeko sistemarekin, dekretuak emateko gaitasunarekin eta lan komunitarioak antolatzeko eskumenarekin.
XIX. mendearen amaieratik hasi eta XX. mendean zehar aspaldi-aspalditik izaera komunala zuten jabetzak pribatizatzen hasi ziren kofradiak. Pribatizazio prozesu horrekin batera, instituzioa bera ere krisian sartu zen.
Kofradiaren izaera ez zen kontenplatzen legedian, baina Eusko Legebiltzarrak ekainaren 25eko 15/2015 Legea onartzeak auzo kofradiak sozietate zibil bihurtzeko aukera ematen du eta gaur egun erakunde horietako batzuk beraien egoera juridiko-administratiboa erregulatzen ari dira, sozietate zibil bihurtuz. Horrela, Zeanuriko Asterriako kofradiak 2015ean bere ondasunak eskrituratzea lortu zuen, baina legedi zaharrean oinarrituz; oraintsuago; 2018an Altzustak eta 2019an Otzerinmendik, gauza bera egin dute, baina legedi berrian oinarrituz.
Antzinako indarrarekin ez bada ere, instituzio tradizional honen espirituak bizirik jarraitzen du Arratia haraneko bi herritan: Zeanurin eta Diman. Lehenengoan zazpi kofradia daude eta bigarrenean, berriz zortzi. Horietako batzuek, esate baterako Zeanuriko Otzerinmendik, urteko batzarra egiten dute, eta bertan maiordomo eta basazain karguak berritu, eta diru-kontuak zein erabakiak akta-liburuan jasotzen dituzte. Aurten ere iraileko Ama Birjinaren –“urriko Ama Birjina”– eguna igaro eta hurrengo igandean egin zuen bere urteko batzarra, hau da, irailaren 11n, Arragoalde auzoan, herriko perratokiaren ondoan.
Jon Urutxurtu