Etnografia atalak

0

Momoitioko San Joan baselizaren ondoko iturria, Garain (Bizkaia). José Ignacio García Muñoz. Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

San Joan egunean (Doniane ere esaten zaio), ekainaren 24an, zenbait sinesmen eta erritu herrikoi daude, eta, sarritan, antzinako festen eta solstizioetako kultuen oroipenak dira.

Bezperako ilunabarrean oraindik pizten diren suez gain, gure gizarteak naturarekin harreman handiagoa zuenean, egun horretan naturako elementu batzuek beste indar osasungarri bat eskuratzen zuten, besteak beste, iturri eta ibaietako urek, goizeko ihintzak, zuhaitzek, belarrak eta loreek.

Sinesmen eta erritu horiek oso antzinakoak dira, eta oso zabalduta zeuden.

IV. mendean, San Agustinek (353-420), Afrika erromatarrean Numidiako kosta mediterraneoan kokatuta zegoen hiri batean, Hiponan, gotzain zenean, kristauei San Joan egunean, ekainean, itsasoan bainatzeko praktika jentila egin izana aurpegiratzen zien (Sermo 196, 4). Nahiz eta San Agustin ez izan ohitura zahar batengatik iskanbila sortzen zuen horietakoa, ez zuen nahi kristauek erritu horri balio santutzailerik egoztea, bataioan jaso zuten bainuari egotzitakoa bezala.

Momoitioko San Joan baseliza. José Ignacio García Muñoz. Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Hala ere, kristau-kultura mendebaldean guztiz finkatu zenean, sinesmen zahar askok jarraitu egin zuten, kristau-fedearen mendean bazeuden ere. Hala, gure inguruan, Joan Bataiatzaileari eskainitako baseliza asko iturrietatik gertu daude, eta fededunak San Joan egunsentian iturriko ura edatera joaten dira.

Behinola orokorragoa zen, Barandiaranen esanetan, ibaian bainua hartzeko edo ihintzez jositako larreetan edo galsoroetan oinutsik edo biluzik ibiltzeko ohitura. San Joan goizean, eguzkia atera baino lehen, urak bedeinkatuak direla eta azaleko gaixotasunak, besteak beste, herpesa eta hazteria, senda ditzaketela sinesten zelako egiten zen hori.

Gure herriari dagokionez, ohitura hori lurraldeko eskualde guztietan zabalduta egon da: Karrantzako Haranean, Arratiako Haranean, Durangaldean, Goierri gipuzkoarrean, Aezkoako Haranean, Zaraitzuko haranean nahiz Iparraldean: Azkaine, Uhartehiri eta Liginaga.

Ander Manterola – Etniker Bizkaia – Director del Atlas Etnográfico de Vasconia lanaren zuzendaria

Informazio gehiago eskuratzeko, Atlas Etnográfico de Vasconia lanaren Medicina Popular liburukia kontsultatu daiteke.


Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~