Etnografia atalak

0

Bandera astintzen Santiagoren irudiaren aurrean. Garai (Bizkaia), 2013. Egilea: Emilio Xabier Dueñas.

Beren funtzioa galdu duten trapu hutsak dira batzuentzat, egiteko gogoangarri batek merezi izan duen saria beste batzuentzat, eta nortasunaren sinbolo gizartearen zati handi batentzat. Nolanahi ere, debozioz, itsukeriaz edota ohorez beteta dauden intsigniak eta oihalak dira maiz zutoihala, estandartea, bandera… Kirolarekin, erlijioarekin, politikarekin, abertzaletasunarekin zein folklorearekin lotzen ditugu, baita estatus sozialaren ezaugarritzat hartu ere.

Behin baino gehiagotan ikusi ahal izan dugu Europako herrialde batzuetan, Euskal Herritik hurbil dauden lurraldeetan bezalaxe, banderak astintzen direla aparteko edo jai-giroko ekitaldietan: dela jatorri militarra defendatzeko, dela herria botere feudal zapaltzailearen aurka altxatu zenekoa gogorarazteko erritualetan.

Pixkanaka-pixkanaka desagertzen ari diren arren, oraindik ere badirau tradizio horren hainbat adibidek: zehatzago esanda, gurean ezagutzen ditugun ‘bandera-dantzak’ lau aldaera nagusitan sailka ditzakegu, sortzez eta izatez guztiz desberdinak.

Agintarien aurrean, sanpedroetan. Doneztebe (Nafarroa), 2013. Egilea: Emilio Xabier Dueñas.

Hala bada, Beran, Lesakan eta Donezteben (Nafarroa), txistulariek zenbait doinu lasai eta patxadatsu (Zantzo monona, Bandera arbola…) interpretatzen duten bitartean, herriko bandera dantzatzen da Gorpuzti-eguneko prozesioan, eta bertako jaietan. Gauza bera gertatzen da Laguardian (Araba), San Joan egunean, santu-izen bereko elizaren barruan, dultzainaren musikarekin. Eta ikusgarria da Oioneko (Araba) Cachik (bufoi itxura duen pertsonaia) nola bira egiten duen lurrean, beraren gainean bandera astintzen den bitartean, musika-bandaren soinuan.

Bigarrenik, gure bandera-dantzarik (tokian tokiko banderarekin edota dantzarienarekin) ezagunena dugu Durangaldeko (Bizkaia) Ezpata-dantza edo Dantzari-dantza zikloaren lehena: Agintariena. Ikurrin-dantza ere esaten diote orokorrean, ikurrinaren erabileragatik.

Portugaleteko (Bizkaia) Ezpata-dantza. Elai Alai, 2021. Egilea: Emilio Xabier Dueñas.

Hirugarrenik, Lapurdiko eta Nafarroako Bestaberriko banderari eta Zuberoako Maskaradetako entsenari deritzetenen partaideen mugimendu biziagoak ditugu, hauek ere ohargarriak, erabiltzen dituzten objektuak txikiagoak izanagatik.

Aintzat hartu beharrekoak dira, halaber, ‘erritu-armada’ koloretsu horri azken hogeita hamar urte luzeetan gehitu zaizkionak; izan ere, iraganeko garaiak gogora ekartzeko ahaleginetan sortuak dira Ezpata-dantza berriak.

Musika zeremoniatsuen konpasean erritu-dantza bihurtu diren bandera-astintzeen jatorria datatzeak ez du agian ibilbide historiko luzerik izango. Banderen erabilera zibil-erlijiosoa da, dirudienez behintzat, gizartean bizirik iraun duena eta nabari daitekeena. Folklorismoak elikatzen ditu estetika indarberritu horiek, baina ote da folklorismoa horien garaikidetasunaren izateko arrazoiaren oinarri sendoa?

 

 

Emilio Xabier Dueñas – Folklorista eta etnografoa

Itzulpena: Jaione Bilbao – Etnografia Arloa – Labayru Fundazioa

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~