Etnografia atalak

0

Gabon kantak Akordan (Ibarrangelu, 1982). Iturria: Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Urtean zehar, eta, bereziki, negu garaia eta, harekin batera, klima gogorra hurbiltzearekin bat, eskale behartsu taldeak etxez etxe eta herriz herri ibili ohi ziren herritarrei eskatuz lizentziaren bat edo dohaintzaren bat egitea salgai edo jatekotan (arrautzak, txorizoa, urdaia, odolkiak, intxaurrak, hurrak, madariak, sagarrak, laranjak, etab.). Karitate kristauaren edo landa eremuko jendeen ohiko abegi onaren erakutsi horrek ordainetan jaso ohi zuen eskaleek osasuna edo aberastasuna opatzea esker onez eta adeitasunez.

Duenak eztuenari eman! edo Dekonak eztekonari nik eztekot eta niri! esaeretan oinarrituta, beharbada, zeinaren aplikazio praktikoa baita eskearen gizarte gertaera bera; izan ere, eskeko ospakizun batzuek behartsuen edo unean uneko zoritxarren baten biktimen ohituretan dute jatorria. Mendez mende, bereziki onaldietan, eskeak orokortu egin izan dira edo eskaera interesatu edo tokian tokikoei bide eman izan diete, zeinetan gazte edo haur taldeek beren erreferentziazko taldeak imitatuz hartu baitute ospakizunaren gidaritza.

Hala, Gabonetako zikloa hurbiltzean, haurrek San Nikolasen fraide-jaia gogoratzen dute (abenduaren 6an) beren eske kantuez, haietako batek apezpikuz jantzita bedeinkatzen dituela (Seguran, Zegaman eta Legazpin, esaterako). Bederatzi urren edo Gabon egunean bertan ere ugariak dira Jesus Haurraren jaiotza edo haren mezulari jentilaren, Olentzeroren, etorrera ospatzeko eske kantuak (Marijesiak edo Abendua, adibidez).

Aurtizko ume joaldunak. Egilea: Josu Larrinaga Zugadi.

Eguzki egutegiaren edo “juliotar egutegiaren” amaieran urtea agurtzeko (Urte Zahar) eta urte berriari ongietorria egiteko zenbait errituri eutsi zaie. Nafarroa iparraldeko haranetan eta Lapurdiko edo Gipuzkoako muga eremuetan, urari eta oparotasunari loturiko iragaitza errituak egiten dituzte. Eta herrialde osoan ateratzen dira haur taldeak bizilagunei eskea egitera, haren presentziaren bedeinkapen aingerutarra aldarrikatuz eske kantuekin (Urte barri, Dios te Salve, Glin glan, Ur goiena, Urtatsak, Phika, haur, etab.).

Era berean, Epifania edo Errege Magoen bezperaren ezaugarriak dira erregeak aukeratzea (fabaren edo hobengabeen erregea, haurren edo gazteen buruak, etab.), haurrek errondan zintzarriekin zalaparta egitea (gare jotzeak, Sakanan, Malerrekan, Baztanen, Erronkarin edo Lizarrako merindadean), eguneko protagonisten presentzia hurbil harrigarria, eta, nola ez, eske kantuak abestea auzoan edo familiartean (Erregeak edo Apalazio, Erregeetako saria, Erregeetako Martikoak, etab.).

Urte Berriko eta Errege Eguneko bi gabon jaietan, haur kanta eta kopla errimadunek aditzera ematen dute ospakizunaren arrazoia, segizioan nor doan, zer eskatzen duten eta esker ona, eskatutakoa ematen bazaie, edo birao garratza, bestela. Horren guztiaren isla da helduen tradizioei eutsiz edo haiei txanda hartuz diharduen haur taldearen zalaparta bizia, eta, ifrentzuan, adinekoek pozik eta atseginez ikustea beren ondorengoak haiek aurrez bizi izan duten eta, jakina, sari gizenaren merezidun jotzen duten zeregina betetzen, horrek etxeko bizitzari eta komunitate bizitzari dakarkion zoriona edo talde horiek ospakizun horietako betiko itzuleraren erritua betetzea.

Josu Larrinaga Zugadi – Soziologoa

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~