Etnografia atalak

0

Bendejerak Mungiako plazan (Bizkaia). Argazkia: Akaitze Kamiruaga. Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Atzo, abenduaren 2an, Euskararen eguna dela eta, Bilboko Udalak gaur egun Erriberako Merkatura joaten diren bendejerei egin die omenaldia; hamarkada askotan, bendeja ez ezik, herrietako euskararen soinua ere urira eroan dutelako. Ondo merezitako aitorpena, bai horixe!

Gaur egun, berrogeita hamar urtetik beherakoei galdetuz gero, asko eta asko dira sekula bendeja edo bendejera berbak inoiz entzun ez dituztenak; are gehiago kalekumeak badira. Bendeja baserritarrek saski handietan azokara edo plazara saltzeko eramaten dituzten ortuari, barazki eta frutak dira; eta bendejerak, jenero hori saltzen duten andrazkoak.

Zuztarra baserrian daukagunontzat, eta gainera, edade bat dugunontzat, ostera, berba guztiz arrunta da. Nik neuk, txikerretarik entzun izan ditut etxean bendejeren gaineko kontuak, bai ama bai amama, gazte-gaztetarik zeregin horretan ibili zirelako. Eurak Urduliztik Areetara eta Portugaletera, Portaltera, joaten ziren gehien bat. Udan Plentziara ere bai.

Bendejaren eta esnearen salmenta kasu askotan lotuta egon izan dira. Neskatilak eta andrak, lehenengo esneak banatzen zituzten etxerik etxe, eta gero bendeja saltzen zuten plazan. Lanbide edo zeregin horretan hasteko, gazte horiek batzuetan amaren edo auzoko andreren baten laguntza izaten zuten; baina beste batzuetan, eurak euratara joan behar izaten zuten. Horren harira, ondo gogoan dut Busturiko emakume batek kontatutakoa. Bera hamabi urteko neskatoa zela, goizetik gauera ama gaixotu egin zen; eta haren ordez, hurrengo egunean esne eta bendejarekin Bermeora bera bakarrik joan behar zela jakitean, oso urduri eta larri jarri zen. Eta hona hemen amaren erantzuna: ―Alabatxu, lasai egon, ez arduratu; astoak erakutsiko deutsu bidea! Kasu horretan, ez zegoen lanbide barrira egokitzeko astirik!

Plazarako bidean. Iturria: Sorkunde Etxebarria. Egilea: Foto Goikoetxea. Labayru Fundazioaren Argazki Artxiboa.

Horien antzera, herri askotako hamaikatxu andre eta neskatila ibili izan dira baserriko jeneroa eta ortuariak plazetan saltzen: Bilbon, Gernikan, Bermeon, Mungian, Areetan, Portugaleten… Aurreko egunean bendejarako jeneroa kurioso-kurioso prestatu beharra zegoen. Hurrengo egunean, goizaldean etxetik irten, eta oinez, asto gainean edo trenez joaten ziren, uriburura edo eskualdeetako herri nagusietara. Gaur egun, geratzen diren apurrak kotxez egiten dute ibilbidea.

Plazara sasoian sasoiko jeneroa eroaten da. Udaldian beti izaten da komenentzia gehiago, orduantxe dagoelako ortua emankorren: tomateak, piperrak, bainak, letxugak, kalabazinak… Beste garai batean, etxeko fruta ere oso estimatua zen, orduan ez zelako kanpokorik sartzen. Horrez gainera fruitu lehorrak eta arrautzak ere saltzen dituzte.

Gaur egun, gero eta bendejera gitxiago dago. Nahiz eta aurrerakuntza ugari dagoen, baserriko bizimoduak ez ditu gazteak erakartzen, eta ez dago belaunaldi ordezkapenik. Orain daudenak azkenengoak ete dira? Ez nuke holakorik gura!

 

 

Akaitze Kamiruaga

Herri Ondare Atala – Labayru Fundazioa

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~