Etnografia atalak

0

“Bertakotzat” jotzen ez diren elkarteetako batek (Laguntasuna) San Bizenten (Barakaldo) birsortutako aurreskua (2016). Argazkia: E. X. Dueñas.

Apirilaren amaieran, hurbil zegoen “zubiari” esker atseden-egun batzuk iristear zeudela hasi nintzen entzuten: apirilaren 30a, igandea, eta maiatzaren 1a, jaieguna. Ez da berria komunikabideetan nahiz kalean hitz hori erabiltzea jaiek lanegun baterako lekurik uzten ez dutenean. Edonola ere, hiztegiko inertziek akats nabarmen horietara eta beste batzuetara ere bagaramatzate: esaera zaharretan, “San Migeleko udatxoa” esatea, “San Martinekoa” esan beharrean; kirol-norgehiagoketan, liderra bigarrenetik bost puntura dagoela esatea, alderantziz esan beharrean…

Inguruabar horien eta beste batzuen harira eta kultura tradizionalaren arloa oinarritzat hartuta, beti-betikoa dela esan genezake. Horrenbestez, dantzaren arloan, 1970eko hamarkadatik gutxi gorabehera, erritualetan eta antzezpenetan talde aktiboen artean bereizteko irrikaz, “bertako dantza-taldea” esamoldea ezarri zen, euren dantza edo dantzak (herrikoak bertakoak) dauzkaten eta egiten dituzten elkarteei izena emateko eta gainerakoak euskal dantza-taldeak (hirigunekoak, ikuskizunekoak…) direla adierazteko, besterik ez. Dena dela, horretan guztian oso bitxia da elkarte horietako gehienek “euskal dantzakoak” direla gehitzea euren izenean. Beraz, RAEren esanahiaren arabera, guzti-guztiak bertako taldeak dira, inolako bereizkeriarik gabe. Gainera, horietako zati handi batek orain bere herriko dantzak bakarrik egiten ez dituela, eta, era berean, orain dantzak jatorrizko lekuan egiten ez direnez, kasu batzuetan kanpotiko ikaskuntza jaso duela kontuan hartuta, inkoherentzia bat baino gehiago sortzen da.

Iturengo joaldunak, 1960ko hamarkadan prentsa idatziak zanpantzar = sutean erretako panpina moduan berriro bataiatu zituenak (2015). Argazkia: E. X. Dueñas.

Eta zer esan daiteke aratusteei buruz? Ez dut autorerik aipatuko, erratu egin naiteke-eta, baina 1960ko hamarkadatik 1970eko hamarkadara arte, Euskal Aratusteen berariazkotasuna bilatu zen munduko gainerako guztien aldean, eta bi termino hauetan aurkitu zen irtenbidea: “landa-gunekoa” eta “hirigunekoa”. Hain bakuna denez, ez dago zertan argitu, baina konplexua bezain zaila da defendatzea.

“Landa-gunekoetan” (baserrikoetan), herri-hizkeran, estereotipatutako eta lekuratutako eta, oro har, “berreskuratutako” gaur egungo aratusteetako zenbait adibide jarri ditzagun; honako leku hauetakoak, esaterako: Aretxabaleta, Mundaka, Hondarribia, Durango, Tutera, Asparrena edo/eta Basusarri, batzuk aipatzearren. Baieztatu dezakegu gehienetan landa-guneko elementuak ditugula, baserrietatik eta auzoetatik egindako ibilbidea eta gehigarri batzuk (makilak, nolabaiteko janzkera…) kontuan hartzen baditugu. Hala ere, era berean, baliozkoa ere bada, hirigunera badaramagu edo haietako edozein gunetako herriguneetan etxerik ez badago? edo jantziak eta tresnak oinarrizkoak baino ez badira?

Beharbada, zuzendu ezinezkotzat hartu ditzakegu egoera horiek. Gaztelaniadun askorentzat euskararen = baserritarren hizkuntzaren artean inolako baliokidetasunik ez dagoela nabarmentzea bezainbeste ia-ia.

Baztango Esku Dantza. Katximorro Biasteriko Dantza Elkartea (2016). Argazkia: E. X. Dueñas.

Aldaketa sozialak hizkuntzarekin eta, horren ondorioz, hitzen esanahiarekin lotuta daude halabeharrez. Batzuk hiztegietan agertzen dira, baina beste batzuk ez. Ez dugu antzematen informazioa interpretazio bihurtzen dela, eta, azkenean, gure hiztegian desitxuraketa gaindiezinen bidez txertatzen denez, batzuetan nahitakoak diren akatsak sortzen direla, eta, horren ondorioz, pertsonek ez diotela elkarri ulertzen, hori berori beste kontu bat den arren.

 

Emilio Xabier Dueñas – Folklorista eta etnografoa

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~