Zer ote du bertsoak entzuleak hainbesteraino harrapatzeko? Munduan zehar badira ahozko inprobisazioa lantzen duten hainbat kultura, baina batek ere ez dauka gaur egun bertsolaritzak daukan indarra. Horren erakusgarri, lau urterik behin Euskal Herrian jokatzen den Bertsolari Txapelketa Nagusia aipa dezakegu –aurten jokatzen ari da, urtebeteko atzerapenaz, pandemia dela eta–. Txapelketa horretan, Euskal Herri osoan zehar zenbait kanporaketa saio egin ondoren, zortzi bertsolari iritsi ohi dira final handira. Zortzi inprobisatzaile horiek hamalau bat mila entzuleren aurrean kantatu behar dute, goiz eta arratsaldeko jardunean. Komunikabideen bitartez beste makina bat entzulek jarraitzen du ekitaldia. Mundu osoko adituak ere hurreratzen dira tamaina horretako emankizunera. Baina zirraragarriena, neure irudiko, bertsolariak kantuan hasi aurretik sortzen den isiltasun ia liturgikoa da. Hamalau mila eztarri horiek bat-batean isildu egiten dira, erabat isildu ere, eztarri bakar bati adierazpidea emateko. Ahots hari bakan horrek, euskarazko hitz neurtu inprobisatuen bitartez, milaka bihotz ehuntzen ditu segundo gutxian, milaka larruazal lazten, milaka begi bustitzen, milaka barre algara eragiten… Non ote dago gertakari magiko horren sekretua?
Ez dakigu bertsogintza noiz sortu zen. Juan Mari Lekuonak, Ahozko Euskal Literatura bere liburuan, «bertsolariak artzai-aroan duela bere koka-leku; eta bertsolariak klasikoen aurreko mundu bat isladatzen duela» diosku. Nolanahi ere, XV. gizaldira arte ez dugu izango bertsogintzaren idatzizko lekukotasunik. Bizkaiko Foru zaharreko (1545) debeku bati esker badakigu garai hartan profazadak izeneko emakume inprobisatzaileak ibiltzen zirela hiletetan bertso kantari. Hurrengo aipamen idatzirik ez dugu izango XIX. mendearen hasierara arte. Ordurako bertsolarien jarduna indarra hartuta ageri zaigu: 1801ean Villabonako plazan 4.000 herritar inguru batu ei ziren Zabala amezketarraren eta Txabalategi hernaniarraren arteko bertso desafioa ikusteko.
Ordutik aurrera, bertsotan inprobisatzeko arteak bide luzea egin du, harik eta egungo euskal gizartean sendo finkatu arte.
Esan dezakegu bertsogintzak asmatu egin duela garai berrietara egokitzen, jatorrizko esentziari uko egin gabe. Munduko toki askotan inprobisatzaileak musika tresnekin lagunduta aritzen diren bitartean, gure bertsolariek, saio berezietan izan ezik, a capella abesten dute –mikrofonoa gorabehera– ahots soilari omen eginez. Hori ez da asko aldatu antzinatik hona. Baina bestetik, etorkizunari begira bizi da bertsolaritza: transmisioa ziurtatuta dago bertso eskolen eta bertsozale elkartearen bidez, eta bertso ekitaldi asko eta asko antolatzen dira. Txapelketak ere sartzen dira eboluzio bide horretan, gaiak eguneratuz, planteamenduak egokituz, bide berriak urratuz. Gainera –eta beharbada hauxe da garrantzitsuena–, gazteek gogoz eta arduraz hartu dute adinekoen lekukoa.
Xabier Amuriza bertsolari handiak laburbiltzen du filosofia hori ondoen, bertsolaritza definitzeko sortu zuen bertso eder batean: «sustraiak sakon lehenean baina, geroan luze adarrak».
Hortxe egon daiteke egungo bertsogintza hain osasuntsu egotearen giltzarri nagusia, eta horren ondorioetako bat izan liteke bertsoak egungo egunean bere inguruan milaka lagun biltzeko erakusten duen ahalmen harrigarria.
Joseba Santxo Uriarte – Filologo eta ikertzailea