Etnografia atalak

0

Segizioa plazan (Iholdi, 18/06/2006). Emilio Xabier Dueñas.

Gregorio IV.a aita santuak, 1264 inguruan, Gorpuzti jaieguntzat ezarri zuen. Berrogeita hamar urte geroago, gutxi gorabehera, prozesioek ospakizunen barruan garrantzi handia hartu zuten. Apurka-apurka, handikeriaren handikeriaz, aparteko elementu bereizgarriak gehitzen joan ziren (erraldoiak, buruhandiak, taraskak, gremioen konpartsak, etab.), baina, denboraren joanak eta Vatikanoko II. Kontzilioak hainbeste apaingarriren kontra egindako gomendioaren ondorioz, ospakizuna moteltzen joan da gaur egunera arte; kasu askotan, guztiz desagertu arte.

Ibilbide historikoa luzea izan da, eta, gaur egun, herri gutxi batzuk baino ez dituzte gordetzen jaiegunaren elementuak, eta beste batzuk berreskuratu egin dituzte. Toledo, Sevilla, Valentzia eta pertsonaia bereziak eta xelebreak dituzten beste herri batzuk dira aipagarrienak. Gure inguruan, honezkero, herri bakan batzuetan ospatzen da. Lesakan, Beran edo Donezteben egiten den bandera-dantzarekin batera, Oñatin mantendu da ondoen, ia-ia aldaketarik gabe XVI. mendetik.

Oilarra (Itsasu, 19/08/2012). Emilio Xabier Dueñas.

Hala ere, Lapurdiko eta Nafarroa Behereko lurraldeen artean, herri txiki mugakideak biltzen dituen eremuan, herritarren gogo, ahalegin eta parte-hartzeari esker, urtero, bai Gorpuzti igandean, bai hurrengoan (zortzigarrenean), frantsesez Fête-Dieu eta euskeraz Besta Berri edo Pesta Berri izenez ezagutzen dena antzezten dute. Izen hori Transiturus de hoc mundo… buldaren hasierako hitzetatik dator: “Officium novae solemnitatis…”.

Besta Berrira lehen aldiz doanarentzat bitxia izan daiteke kolorezko segizioak, formazioan, herriaren alde batetik bestera egiten duen ibilbidea ikustea. Segizio hori izaera eta estetika anitzekoa da eta bertan mota guztietako pertsonaiak aurkituko ditugu: oilarrak edo coqs; zapurrak edo zanpurrak, edo sapeurs (bidea zabaltzen dutenak); suisa edo le suisse (suitzar guardiakoak); alabardariak edo lantzierak, edo lanciers; banderariak edo porteurs de drapeaux; kaporalak, kapitain eta ofiziala; gendarmeak; lerro bitan eta armatuta doazen soldaduak edo soldats; makilaria edo tambour major; banda edo txaranga; umeak, lehenengo jaunartzeko erropekin jantzita, lore-orriak jaurtitzen; abadea palio azpian ekisaindua daramala; udalbatza edo agintariak; gizonak, batzuetan, ilara bitan; eta gainerako herritarrak.

Umeak lehenengo jaunartzeko erropekin jantzita (Makea, 18/06/2006). Emilio Xabier Dueñas.

Lehenengo eguneko goizeko ospakizuna eta zortzigarrenaren bezperan egiten dena hasteko, apaizaren bila doaz bere etxera, eta handik eleizara laguntzen diote, meza esateko. Horren ondoren datoz, prozesioa lorez eta alfonbraz apaindutako kaleetatik eta bedeinkazioa kalean ipinitako aldarean. Gero, berriro elizara itzultzen dira elizkizuna amaitzeko. Horren ondoren, musika eta dantzarekin, eta akaso mokaduren batekin, erritualari bukaera ematen zaio.

Badakigu hainbat herritan (Ainhoa, Arrosa, Bastida, Donazaharre, Gerezieta, Kanbo, Lartzabal, etab.) egiten zela; eta, beste batzuetan, gaur egun ere egiten dutela (Armendaritze, Bidarrai, Heleta, Iholdi, Irisarri, Lekorne, Luhuso, Makea, Ortzaize…). Herrietan biztanleak etengabe galtzearen ondorioz, zerrenda gero eta laburragoa da, eta ospakizuna bera gero eta mugatuagoa. Azken finean, “zahartu” egin den “jai berri” baten azken gordelekua da.

 

Emilio Xabier Dueñas

Folklorista eta etnografoa

 

 

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~