Etnografia atalak

0

Erromeria. José Arrue.

Tradizioa etengabe mugitzen den kontzeptua dela onartzen badugu, nahi dugun lekurantz ez dela beti abiatuko ere onartu behar dugu. Hori bai, gu tradizioaren partaide eta eragileak baldin bagara, tradizio horren garapenean dugun erantzukizunaz jabetu beharko ginateke. Egiten dugunak, modu batez edo bestez, etorkizunean izanen dugun tradizioan eragina dauka.

Dantza tradizionalak emeki, baina gelditu gabe, aniztasunetik urrunduz bateratzearen norabidea hartu du. Nire ustez, garapen horrek ondorioak ditu, eta ondorio horiek positiboak edo negatiboak dira; askotan, ondorio horiek aztertzen dituenaren arabera.

Aiko taldea.

Transmisio-ereduak aldatu diren unetik, aldaketa horiek ondorio zuzena eragin dute transmititzen den gaian: dantza tradizionala. Transmisioa dantza-eskola edo ikastaro batean gertatzen denean, irakasleak nahitaez planteatu behar du zer irakatsi, eta, beraz, dantza-sistema eskematizatu eta egokitu behar du. Sistema hori, izatez, erakutsiko dena baino zabalagoa izanik.

Duela gutxi, lagun batek aipu bat egin zidan jotaren inguruan; bere ustez, gu (Aiko taldea) gure herrietan dantzatu diren jota xumeetatik, hots, gehienez ere bizpahiru urratsez osatutako jotak, urruntzen zen eredu bat estandarizatzen ari ginela. Eta pluralean diot, jakitun nagoelako eredu anitzak zirela eta direla, urratsetan ez ezik, egitura koreografikoetan ere (bikotea, laukotea, ilarak, zirkuluak edo koreografia konplexuagoak). Ez zaio arrazoirik falta. Irakasterakoan, guk geuk askatasuna, sorkuntza eta harremana saritzen dituen sistema baten alde egin dugu, oso erraza edo izugarri konplikatua izan daitekeena. Baina saiatu gara sistema hori aske eta zabala izan dadin, garapen indibidual edo kolektiboari lekua utzi ahal izateko. Hori izan da gure hautua.

Erromeria Aiko taldearekin. Iñaki de Andrés.

Plaza-dantzak oinarrizko funtzio bat zuen: harremana. Sistema koreografiko horren barruan, baziren dantzari esanahi ezberdina ematen zioten pertsonak: batzuetan lehiaketa, besteetan ikuskizuna, dantza bera azken helburu gisa hartzen zutenak (dantzan gustura aritzen naiz, eta nire dantza egiteko modua besteen gustukoa izatea gustatzen zait). Edonola ere, bikote-lagunarekin edo taldearekin harremana izatea zen helburu nagusia, eta oso modu errazean dantzatzen zuten plazan, salbuespenak salbu. Sistema aldatu egin dela eta aldatzen ari dela iruditzen zait: harremana faktore garrantzitsua da, baina jende askok dantzatzeko plazerragatik dantzatzen du, eta gustatzen zaie erronkak planteatzea, dantza besteekin harremanetan jartzeko modu bat izateaz gain, norberaren burua adierazteko eta garapen pertsonalerako tresna bat izan daitekeelako kasu horretan. Harago joatea gustatzen zaie, eta hori, modu orokor batean horrela izan ez bada ere, beti hor egon da. Lehen artista gutxi batzuk ziren bide koreografiko horiek esploratzen zituztenak. Gaur egun asko dira bere mugekin jokatzera ausartzen direnak. Litekeena da hori izatea XXI. mendearen hasiera honetan plazako dantza tradizionalaren ezaugarri bat ere.

Ez dut uste joera hori berez ona edo txarra denik. Oso kaltegarria litzateke jarraitu beharreko eredu horrek suposatuko balu jota batean bederatzi urrats egiten ez dituenak edo puntetan dantzatzen ez duenak ez duela behar bezala dantzatzen. Uste dut bisitatu daitezkeen lekuak mapa batean irakasteak ez dakarrela mundu guztia bidaia horiek egitera behartzea, baina argi dut arriskua dela horrela ulertzea, eta, nolabait, gaur egun transmisio-bide garenon erantzukizuna da kontzeptu horiek ahal den neurrian argitzea.

Dantza hizkuntza bat delako, eta, hizkuntzan gertatzen den moduan, ez dira itzelezko baliabideak behar elkarren artean komunikatzeko.

Patxi Laborda – Aiko taldeko partaidea eta Bilbao Musikako dantza-maisua


 

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~