Gurutzearen irudikapena, Jesukristoren Pasioaren garrantzizko osagai gisa, oso presente dago erlijio kristauaren eremuan, eta haren sinbologia tradizionala (komunitateen, elkarrekin bizi diren familia unitateen, pertsonen, animalien edo jabetzen zeinu babeslea) islaturik dago gurtza zentroetako tailu elizkoietan, oheburuetan edo betiereko atsedenaren ohatzeak zaintzen. Margotuta jartzen da ate eta leihoetan, hainbat landare espeziez egina edo osatua edo, modu enblematikoan, kristautasunaren keinu aipagarri gisa egiten da.
Nabaria da gurutzeak liturgia katolikoaren prozesu zikliko eta urterokoan eta jaien bilakaera sekularrean duen presentzia etengabea. Azken hori, halaber, hainbat esanahitako denborazko espazioez markatuta dago: Gabonetako poza, Inauterietan gainezka egiten duen bozkarioa, garizumako bildutasuna, Aste Santuko penitentziazko tristura edo udako asebetetze kolektiboa. Aipatzekoa da, ordea, Gurutze Santuaren jaiaren (maiatzak 3) eta Gurutze Santuaren Goratzearen (irailak 14) artean aldi luze berezi bat dagoela, non izaten baitira ugari udaberriko babes errituak, udaberriko edo udako erromeriak, bai eta dagokien lekuetako Ama Birjinak edo Santuak inguruko ermitetatik herri horietako eliza nagusietarako lekualdaketak ere.
Esate baterako, San Markos egunetik (apirilak 25) San Migelen udazkeneko jaira bitarteko (irailak 29) garaia ganaduaren eta artzainen transhumantzia garaia da, mendiko belardietarako bidean. Bi gurutzeen arteko denborazko bitartearen ezaugarria izan da laboreak zaindu beharra eta ingurunean gurtzen diren irudi eraginkorren erabilera; azken horiek herrigunera eramaten dira, prozesioan, eta haiek saiatuko dira udaberriko loratzearen eta udaldiaren artean gertatu ohi diren ezbeharrak edo izurrite beldurgarriak eta horien ondorio zoritxarrenekoak uxatzen. Ohiko jarduna da hori Arabar Errioxako herrietan; adibide argiak dira Bertzijanako Andre Mariaren ospakizunak Ekoran, eta Plazako Ama Birjina bere ermitatik Eltziegoko parrokiara lekualdatzea eta han dantzariek babestea eta dantzatzea.
Antzeko kasu ugari daude Errioxan sakabanatuta edo Garaiko elizate bizkaitarrean, Santiago eta Santa Anaren jaietan (uztailak 25 eta 26, hurrenez hurren). Egun horietan, santuen kasuan, herri pikareskak nolabaiteko elkar hartzea adierazten du teilape berean igarotzen dituzten gauetan. Bestalde, maiatzeko ospakizunetan, maiz jartzen dira zuhaitz totemiko babesleak (Done Bikendi Haranan, Cintruenigon, Sakanan, etab.), gurutzeak bedeinkatzen dira, gurutze enblematikoak (Legazpia) erakusten edo lekualdatzen dituzte udaberrian, eta udako Goraipamenean aipatutako errituetako batzuk errepikatzen dira: zuhaitzak jartzen dira jai nagusietan (Elbetea), eta batez ere irudi erlijiosoak berriro beren jatorrizko lekuetara eramaten dira.
Sinesmen eta arrazoi askok bultzatuta lekualdatu ohi dira noizbehinka, aldizka edo behin betiko beren gurtza ermitetatik edo elizetatik, eta, hala badagokio, itzultzen dira jatorrira. Adierazi bezala, jardun berezi horren bitartez saiatu izan da komunitatearen biziraupenean eragiten duten kontuak arintzen, eta, aldi berean, ezarri edo mugatu nahi izan da horren eraginkortasuna zer esparru geografikotan edo mugaren barruan gertatzen den.
Josu Larrinaga Zugadi – Soziologoa