Etnografia atalak

Egunsentitik ilunabarrera, 1891. Henry Peach Robinson. Posta-txartela. Autorearen artxibo pertsonala.

Badakigu gizakiari egitura geografikoak, gizarte-testuinguruak eta historiaren bilakaerak eragiten diotena. Dela laneguna, dela jaieguna, eguneroko denbora-zikloan egiten diren jarduera pertsonal edo kolektibo guztiak arrakastaren bidea errazten diguten zenbait erritualez janzten dira. Are gehiago, pentsaera tradizionalak ziklikotzat ditu prozesu horiek: behin eta berriz errepikatzen dira eta belaunaldiz belaunaldi gauzatu eta transmititzen diren erregulartasun-adierazle edo konstante jakin batzuei josita daude.

Urrats-errituek[1] edo, zehatzago esanda, hastapenekoek, adin-kategoria[2] desberdinen eta norbanakoaren bizi-zikloan duten bilakaeraren arabera, gizabanakoen bizitzan bete beharreko etapa batzuk ezartzen dituzte, betiere gizataldeak berak ezarritako ikuspegia aintzat hartuta. Edonola ere, aldian-aldian, gizarte-eskaerei dagokien egokitze edo desoreka pertsonalak ez dira saihestuko, eta taldeak modu eraginkorrean kontrolatu edo zehatuko ditu.

Horrela, jaioberriak edo haurrak hamaikatxo jardueraren eta ikaskuntzaren subjektu pasibo izan ohi dira, beren ingurune hurbilenak sustatuak, babes gorenaren beharrizana eta inozentziarik handiena duten izakiak direlakoan. Eskola-umeei sozializazio-prozesu hasiberri eta mailakatua ezartzen zitzaien, pixkanaka-pixkanaka familia uztea ahalbidetze aldera, agente sozializatzaile zeregin hori beste erakunde batzuen esku jartzeko (eskola, kristau-ikasbidea edo berdinen arteko taldea bera) eta gizarte-harremanak indartzeko.

Ezkontza-segizioa, 1889. Mamerto Segui. Posta-txartela. Autorearen artxibo pertsonala.

Gaztaroan gizarte-kontzientzia oso nabarmena da. Taldeetan, gazteen parte-hartze aktiboa areagotu egiten da, baita leialtasuna eta talde-batasuna ere. Kideen kopurua eta kategoria fisiko eta soziala zein den, gazte-talde horien ezaugarriak modu batekoak edo bestekoak dira; taldeon iraupenaren iraunkortasuna nolabaitekoa izan daiteke; harreman pertsonal sedentarioak ugariak dira; eta hainbat funtzio nabarmenetara (dibertsioa, adiskidetasuna, lankidetza…) edota ezkutuetara (sozializazio informala) mugatzen da haien helburua. Senar-emazte berriak edo ezkonberriak komunitate bera betikotzeko funtsezko baliabide potentzialtzat jotzen ziren, andre-gizon ugalkorrei eta biztanleriaren berrezarpenari dagokienez.

Lehendabiziko semearen edo alabaren jaiotzak gaztaroaren amaiera zekarren, eta aita-ama berriak bete-betean sartzen ziren helduen erantzukizun sozialaren munduan. Horiexek ziren benetako eragile amankomunak eta kontrol ekonomikoaren eta sozialaren jabeak. Adin-kategoria honetakoak arduratzen dira askotariko gizarte-erakundeen bitartez kolektibitate osoa behartzen duten zuzentarauak eta eginkizun filosofikoak mantendu eta bultzatzeaz, eta aldian aldiko testuinguru historiko edo belaunaldi-ikuspegietara moldatzen dira.

Berriro ezkontzen ziren alargunek autoerregulazio komunitarioa jasaten zuten. Arau kolektiboaren desbideratze horregatik, jarduera anitzen bidez, salatu, zigortu edo gizaldraren kontrolpean jartzen zituzten.

Orozkoko (Bizkaia) San Juan Bataiatzailearen eliza. José Arrue. Posta-txartela. Egilearen artxibo pertsonala.

Gizarte tradizionalean, adinekoek zuten jakinduriarik gehien, eta gizarte-kontrola ere bai. Beraiek ziren guztion ohitura eta tradizio kolektiboen bermatzaileak, beraiena zen eta urteen joanak ematen duen esperientzia eta autoritatea edo iritzi zentzuduna.

Kultura guztiek arreta berezia eskaintzen diete hildakoei edo arbasoei (hildakoen gurtza). Lurpeko edo haraindiko munduekin duten harremanarengatik beldurra bazaie ere, behinola gizakide zituztenen alde egiten duten zerutiar babesleak ditugu.

Josu Larrinaga Zugadi – Soziologoa

Itzulpena: Jaione Bilbao – Etnografia Arloa – Labayru Fundazioa

[1] Arnold Van Gennep. Los ritos de paso. Madril: Alianza Editorial, 2008.

[2] André Varagnac. La civilisation traditionnelle et la notion géographique de genre de vie. Paris: Albin Michel, 1948.

Testua gaztelaniaz eta ingelesez ere irakur daiteke, bai webguneko hizkuntza aldatuz, bai esteka hauetan sakatuz: El ciclo de la vida eta The cycle of life.


 

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~