Etnografia atalak

0

Karrantzako nekazaritza-etxea. Miguel Sabino Díaz.

Bizkaiko baserrietan, tradizioz, nekazaritzan, abeltzaintzan edota, maizago, bi eginkizunetan aritu izan dira. Hegoalde, ekialde edo hego-ekialderanzko orientazioa izan ohi dute; hots, eguzkiari begira, beroaz eta eguzkiaren argiaz ahalik eta gehien gozatzeko. Funtsean, bi eredu daude: bata, oinplano zabalagokoa eta altuera txikiagokoa, nekazaritzaren alorrekoa izaten dena; eta, bestea, azalera txikiagokoa eta altuera handiagokoa, abeltzaintzaren ingurukoa gehienbat.

Lehenengo eredua lurraldeko eskualde zabaletan aurki dezakegu: Busturialdean edota Durangaldean. Etxeek beheko solairua eta beste bi maila izan ohi dituzte. Atari zabala (atartea) daukate, eta beheko solairuan, sukaldea (ezkaratza), ukuilua (kortea) eta helduentzako gela daude. Bigarren solairuan, jangela (salea) eta logelak daude. Goialdean, ganbara (kamarea) dago, nahiz eta tamaina txikiko beste gela bat ere izan dezaketen.

6.Muxika

Muxikako baserria. Segundo Oar-Arteta. Labayru Fundazioaren Argazki Atxiboa.

Ur biko teilatua izan ohi da, baina, batzuetan, hirugarren isurialde txiki bat ere izaten dute, miru-buztana izenekoa. Nolabaiteko estatusa duten baserriek harlandua izaten dute ertzetan, kantoi-harriak izenekoa. Atarian, ikusteko moduko habe handi bat jartzen zen, bai eta haritzezko edo harrizko zutoina ere. Etxe batzuen atarian harrizko arkua dago.

Bigarren eredua Enkarterriko eta Arratia haraneko eskualdeetakoa da. Karrantzako Haraneko etxeen oinplanoa angeluzuzena da, eta aurrealdea alboko hormak baino laburragoa da. Hiru maila dauzka: behekoan, ukuilua eta tresnen biltegia daude, eta lehenengo solairuan, etxebizitza eta sukaldea. Azken solairuan edo sobrao delakoan, belar lehorra eta uztako produktuak gorde ohi ziren. Horma edo pipiano banaz babestutako bi balkoi ere baditu. Teilatua hiru isurialdekoa da, baina ezaugarri bereizgarriena aurrealdeko estalgarria da, morisca izenez ezaguna. Arratiako etxeetan, ohikoa da aurrealdeko horman eraikitako kanpoko eskailera batetik sartzea etxebizitzara.

Segundo Oar-Arteta – Etniker Bizkaia – Etniker Euskalerria Taldeak

( Atlas Etnográfico de Vasconia bildumako Casa y Familia en Vasconia liburutik ateratakoa)


 

Iruzkinak ( 0 )

    Iruzkin bat idatzi

    Your email address will not be published. Required fields are marked *

    Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

    ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~ ~